British and Lions taldea biran daukagu Zeelanda Berrian. Baina nortzuk dira “Lehoiak” ezizena duten jokalariak? Berez selekzio berezia da, non Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Irlandako jokalari onenak biltzen diren. Normalean lau urtetik behin elkartzen dira, eta hego hemisferioko herrialde batean jokatzen dute. Inoiz Argentinan ere izan dira.

Aurtengo biran Zeelanda Berrian ari dira. New Zealand Barbarians talde amateurraren aurka estu eta larri ibili ziren 7-13 irabazteko.

Lehenengo partida 1888ko martxoaren 9an jokatu zuten, Otagoren aurka, baina aurreneko bira modu sistematikoan 1899. urtean egin zuten.

Geroztik hainbat bira egin dituzte, baina errugbizaleok gogoan dugu oraindik 1971. urteko bira, non batez ere galestarren talentuak (Gareth Edwards, Barry John eta nola ez, JPR Williams ) orduko munduko selekziorik indartsuena birritan mendean hartu zuen.

Antzerako egoera bizi dugu gaur egun, All Blacks dugu munduko talderik indartsuena. Lehoiek sona handiko jokalariak dituzte, baina izenak ez du izana egiten, eta taldea trinkotu beharko du.

Hiru partida izango ditugu Lions eta All Blacksen artean, aurrenekoa Auckland-en, larunbatean. Hurrengo hitzorduak uztailaren 1ean eta 8an dira. Lortuko dute Lionsak Kiwiak mendean hartzea berain etxean? Zaila ikusten dut, baina ikuskizun ederra eskainiko digute! Goza ezazue!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!