Kirolaren onurak beti aldarrikatu ditut, foro honetan nahiz beste hainbat tokitan, baina, egun, eskola kirol monitore, irakasle zein guraso moduan egokitu zaizkidan roletan, susmoa dut orokorrean ez gabiltzala gauzak era egokian egiten.

Zergatik? Gazteen artean zabaltzen dugun mezu nagusia garaipenarena delako. Irabaztea dugu lehen eta azken helburua, eta, lortzen ez denean, frustrazioa hedatzen da entrenatzaile zein jokalarien artean, baina, batez ere, gurasoen artean.

Garaipenaren izenean, momentu horretan jokalaririk onenak zelairatzen ditugu, batzuk jokatu barik utziz, askotan eskola kirola zertarako dagoen, gazteek zertarako entrenatzen duten eta besteekin batera ere goza daitekeela ahaztuz; gure benetako helburua, gazteak heztearena, benetan landu barik.

Azken hilabeteetan nazio mailako bi torneotan egoteko aukera izan dut. Bertan, Durangoko 10 urtez azpiko neska-mutilak Elorriokoekin batera aritu dira. Batera diot, hasieran bakoitzak bere taldea bazuen ere, gero elorriarrek jokalari gutxi izan, eta gure beharra izan zutelako. Beharra, jokatzeko, bestela, jokatzea ezinezkoa zuten. Laburbilduz, durangarrek ez zuten inolako oztoporik jarri nahasturik jokatzeko, ezta elorriarrek ere. Elkarrekin jokatu nahi zuten, jokatzea zelako beraien helburua, nahasturik, bai, noski.

Gazteek irakaspen handia eman didate, gure garaiko eztabaidak bertan behera utziz. Garaipenaz gozatzeko, aurretik hamaika aldiz galdu behar da, baina elkarrekin jokatuz beste gauza batzuk irabazten dira, agian inportanteagoak direnak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!