Distantzia

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2018ko mai. 11a, 08:30

Ortozik irten da ordubete lehenago klik baten bidez eskatu duen pizza hartzera. Irribarre egin dio bisera gorridun banatzaileari, arnasa hartu eta atea zarratu du. Berbarik ez.

Seimilako batean baino oxigeno gutxiago duen baso ilunera itzuli da, kobrez barrubetetako plastikozko adarrak nahinon, sasitza ikaragarria. Pantailetako baten aurrean eseri eta diadema jantzi du. Murgildu da. Sinetsi eta onartu du hori dela bere bizilekua, oraindik inork ikusi ezin duen laino erraldoi orojale eta arriskutsu horren barrena, hain zuzen ere. Hor hazi da, umetatik ezagutzen baitu, eta munduarekiko harreman ia denak hortik bideratzen ditu. Esan daiteke, bada, laino erraldoi ikusezinari esker duela ia guztiaren berri, errealitatetik deskonektatuta. Ahaztuta dauka, azkenekoz, noiz jantzi zituen oinetakoak, azkenekoz, gure planetan zehar ibiltzeko. Eguneko ordu gehienetan lainorik laino hegan ibiltzen den arren, haize umel, bero, gozo, kutsatua sentitzea zer den ez daki.

Azken aldian, sare sozialak aztertzen ari da, zabortegi koloretsu horiek, hain erakargarriak, bortizkeria hauspotzeko tresna aukerakoak… Sozializazioan lagungarri, arazoak ditu aztergaietako batekin, distantziarekin; ez baitaki fisikoa, afektiboa eta birtuala bereizten. Horregatik erabaki du zapatilak janztea eta kilometro bat zenbat den ikustea; pizzeriara iristeko urratsak kontatu nahi ditu, saltzaileak zein hizkuntzatan eta irribarre egingo dion jakin gura du, kamiseta zenbat bustiko duen, lainotzarretik kanpo goza daitekeen jakin gura du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!