Aldiak eta aldeak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2017ko abe. 7a, 08:30

Trenez abiatu da Durangorantz. Urte asko, euskararen kulturaldi honetara etorri barik. Azkenengoz etortzean, egurrezko eserleku gogorrak eta metalezko barrak zituen bagoi-atalak, burdin uger eta koipe belztuaren usaina.

Gaur, plastiko kirats sarkorreko bagoiak lur azpian utzi du konturatu orduko; entretenigarria egin zaio bidaia, gazteen berbaldiari esker. Belarriak erne, hausnarrean hasi da bere bizitzan continuum bat izan den gai konplexu baten gainean. Zenbat ekinaldi bizi izan ditugu eusten. Oztopo lasterketa geldoak, hamaika. Zenbat lagun utzi ditugu bidertzean, ernegatuta, euskalduntzeak dakarren presioa ezin jasan. Alde egotetik, euskaratik alde egiteko aukera egin dute.

Zenbat orrialde zuri-beltz, higatutako berbaz beterik. Egitasmo, transmisio, aldeko jarrera, diagnostiko, sustapen, plangintza… Badirudi garai berria datorkigula, Euskaraldia. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina, euskaldun pasiboak erakarri eta bizkortzeko asmoa… Atzera ere, oztopo lasterketa aldia ote?  Lasterketa aldian, ezagutzaz eta gaitasunaz jantzita lehiatuko gara eta, ea sariren bat lortzeko aukera dugun. Bateraldia, elkarlana eta auzolana aipatu dute Euskaraldia aurkeztu digutenek; jakina, hori izan da beti batzuon oinarria eta entusiasmoa. Bat egin dutenerako…  Gure laguna sormenaren lurraldean sartu da hausnarrean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!