Arimen gaua ospatuko du Txintxirri Ikastolak

Erabiltzailearen aurpegia Elorrioko Txintxirri Ikastola 2023ko urr. 25a, 10:09

EEBBetatik ekarritako Halloween delakoaren aurretik Euskal Herrian hedatuta zegoen ospakizuna berreskuratzen laguntzeko jaialdia antolatu dute.

Azken urteotan gero eta hedatuago dago ume eta gaztetxoen artean urriaren 31ko iluntzean mozorrotu eta etxerik etxe gozoki eske ibiltzea. Zalantza barik, Estatu Batuetatik telebista eta zinemaren bitartez mundu osora hedatutako Halloween jaia imitatzen dute adin txikikoek, jakin barik Euskal Herrian ere aspaldiko ohitura zela gau horretan antzeko ospakizuna egitea.

Arimen gaua, gaba baltza bezala ere ezaguna dena, uzta sasoiaren amaierako jaia zen hasiera batean. Gerora, maite izandako hildakoen arimak suaren bitartez etxera lagundu eta, aldi berean, izpiritu txarrak uxatzeko sinismenarekin lotu zen. Gure aitite-amamek ere, umetan, domusantu egunaren aurreko gauean kalabazak hustu eta barrualdea argiztatzeko ohitura zuten. Gaztaina erreak suaren inguruan elkarrekin jateko ohitura ere zegoen herri askotan. 

Aspaldiko ohitura hori berreskuratzeko asmoz, Elorrioko Txintxirri Ikastolak Arimen Gaua ospatzeko jaialdia egingo du datorren asteartean, urriak 31. 18:30ean Ikastola aurretik abiatuz, herriko kaleetan zehar kalejira egingo dute, antzinako eran mozorrotuta. Ibilbidea amaitutakoan, plazan dantzaldia, musika eta gaztaina erreak egongo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!