Laureano Lara

Erabiltzailearen aurpegia Dani Nuñez 2024ko mar. 1a, 08:00

Gaur, nire maisuaren ibilbideari buruz idatziko dut. Laureano Lara Valdepeñasen jaio bazen ere, 1963an, urte bi zituenetik Berrizen bizi da. Berriztarra da. Berrizen eta Euskal Herrian ditu bere sustraiak eta bihotza. Umetan dantza taldean ibili zen. 12 urte zituela, karatea entrenatzen hasi zen Durangon. Gazterik hasi zen lehiatzen, eta Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Karate txapelduna izatea lortu zuen.

Une horretan, Europa mailan, full contact izeneko kirol eta arte martzialak garrantzi handia hartu zuen. Aipatutako kirol honetan, karateko eta boxeoko teknikak lantzen dira. Lara gaztea kirol honetaz maitemindu zen, eta Euskadin kirol honen aitzindarietariko bat bilakatu zen. Bilbora (Casilla) eta Santanderrera joan behar izaten zuen boxeoa eta full contact-a ikastera, Durangaldean ez baitzegoen aukerarik. Ikasi eta irakatsi: karate ikastaroak ematen zituen Berriz, Durango, Gazteiz, Bilbo, Bergara eta Euskadiko beste hainbat gimnasiotan. Orduan ereindako haziak bere fruituak eman ditu eta Berrizko Karate Taldeak nahiz Durangoko Kickboxing/Muay Thai Laureano Team taldeak martxan jarraitzen dute gaur egun ere.

Sekulako palmaresa du: full contact-ean lau bider irabazi du Euskadiko txapelketa, eta hiru bider Espainiakoa,1992tik 94ra. 1985ean full contact iberiarra irabazi zuen eta 1985ean Europako txapeldunorde geratu zen, non eta Durangon lehiatutako txapelketan. Aipatutakoaz gainera, Europako ranking askotako parte hartzailea izan da, zazpi urtez Thailandiara joan izan da, muay thai arte martzialeko eta hango tradizioak ikastera, eta Espainian kickboxing profesionaleko irabazle izan zen 2017an, Bartzelonan. Orduan agurtu zuen bere ibilbidea. Urte hartan bertan, Berrizko herriak omenaldia antolatu zion.

Pertsona umila eta bihotz handikoa da. Ezagutzen duten denek esaten dute hori. Klubeko ikasleek entrenamenduetarako ekartzen zituen gogoa eta grina miresten dituzte. Bihotzez eskertzen dituzte kirol hauekiko transmititzen dituen maitasuna, errespetua eta balioak. Nik neuk hitzekin adierazi dezakedana baino gehiago eskertzen diot urte hauetan guztietan irakatsi eta eman didan guztia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!