Martxoak 31

Martxoak 31 eta durangarrak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Barreña (Irakaslea) 2014ko mar. 21a, 08:30
Zelan izan liteke Durangok bizi izandako genozidioak eta suntsipenak hain oihartzun gutxi izatea durangarren artean?

 

Zelan izan liteke durangarrek ez ulertzea halako eraso basatiaren helburua durangar guztiak hiltzea eta txikitzea zela, ideologia, adina, sexua eta sinesmena kontuan hartu barik? Zelan izan liteke oraindik ere horretaz ez jabetzea? Zelan transmititu nahi diegu gure ondorengoei historiaren une latz hori?


Hiru zutabetan oinarrituko nuke kontu hau: egia, justizia eta erreparazioa.


Egiaz, zer gertatu zen, oro har, badakigu. Baina badakigu nortzuk izan ziren hildako guztiak, nork agindu zuen ekintza egitea, nortzuk izan ziren beharrezko konplizeak, eta norena izan zen erantzukizuna?


Justiziaz, zer urrats emateko gaude prest durangarrok? Ez dugu eskubiderik hiltzaileak ezagutzeko, erantzukizuna norena izan zen jakiteko? Zer eskatu diezaiokegu justiziari honetaz?


Erreparazioaz, 2012an, Durangoko udalbatzarrak zera onartu zuen: “Premiatzen ditugu Espainiako eta Italiako Gobernuak […] kondena dezaten herritarren eta ondasunen aurka eginiko delitu basatiak […] Era berean, premiatzen ditugu Espainiako eta Italiako Gobernuak euren bonbaketa gupidagabe eta ikaragarri horien egiletza onar dezaten, eta biktimei eta euren senideei dagokien ordain morala egin diezaieten. Durangoko Udalbatzarrak bere gain hartzen du eskari hau Espainiako eta Italiako Gobernuei helarazteko”.


Zelan kudeatu du hori udalbatzarrak? Helarazi die eskaria? Zer erantzun dute? Ez dute uste gure ordezkariek herritarroi honen berri eman beharko liguketenik?


Noizko nahi dugu durangarrok erreparazioa? Noiz aldarrikatu behar dugu gure arbasoei dagokien egia, justizia eta erreparazioa? Inork barkamenik eta erantzukizunik onartu barik idatziko dugu historia?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!