Eztabaida sortzen duen gaia da autorea eta obraren arteko harremanarena. Nik ere baztertu izan ditut abesti edota film batzuk, autorea gustuko ez izanagatik.

Baina sari banaketak izaten dira zalaparta azaleratzen dutenak: salaketa matxista duen aktorearen oroigarria Donostian, edota Euskadi literatur saria kartzelatik ihes egin zuenarentzat izan zenekoa -”nik ez nekien terrorista bat zenik” esan zuen epai-mahaikide batek.-

Zaila da jakiten, non hasi eta non amaitzen den autorearen esku hartzea bere obran. Zerk egiten duen obra bat norbaitena, eta nola dagoen presente bertan.

Polanski zinegilearen kasuarekin (beste hainbatenak ere aipatuko genituzke), istiluak gaurdaino iristen dira. Frantziako kolektibo feminista batek artikulu bat idatzi zuen 2019an: “Gure misioa, instituzioetan amorruz betetako oihua entzunaraztea da, edertasunaren eta talentuaren izenean artista batzuk ukiezin bihurtzen baitira. Beste hitz batzuetan, bere pelikulak gustatzea zilegi da? Bai. Baina ez ditzagun lanak goraipatu, jendartean oraindik emakumeon minak eta testigantzak aintzat hartzen ez diren honetan.”

Dena da esaten dena baino konplikatuagoa, beti. Bourdieu filosofo frantziarrak zioen ezinbestekoa dela sorkuntza lana, barne eta kanpo ikuspuntu batetik aztertzea.

Obra bere eboluzioan aztertzea interesgarria litzateke, autorearen estrategiak eta eragin eremuaren artean sortzen den harremanari begiratuz.

Ikusteko dago baina, zer egin festibal eta sari banaketekin. Zer saritu beharko genuke, autorea ala obra?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!