Ez da hainbeste zer, baizik eta nork

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Urien Telletxe (Idazlea) 2020ko abe. 11a, 08:39

Bizi garen herria txikia da oso, are txikiagoa bizi gaituen hizkuntza komunitatea. Denok ezagutzen dugu elkar, onerako zein txarrerako. Horrek egilea jartzen du edukiaren aurretik, eta ez da berdin batek esan edo besteak esan. Azkenean, esaten duenak garrantzi handiagoa irabazten du, esaten denaren kaltetan. Egia da testuinguruaren jakitun izatea ezinbestekoa dela zer esaten den ondo interpretatzeko, eta horretarako, garrantzitsua dela esaten duena nor den ezagutzea. Hala ere, batzuetan, autorearen heriotza aldarrikatu eta nork esaten duen ahaztu beharko genuke, behingoz, esaten denari arreta jartzeko.

Zer esanik ez egitearekin: zer egin den baino nork egin duen gehiago inporta zaigu. Bistakoa da hau edozein arlotan: hartu gogoan norbaitek esan edo egin duen gauza bat eta jarri beste baten ahotan, pentsatu beste batek egin duela, berdin pertsona ezezagun batek, berdin begiko ez duzun norbaitek. Askotxo aldatzen da kontua, ezta?

Fenomeno hau nabarmena da politikan eta artean, beti ari baikara esandakoaren edota egindakoaren sinaduraren bila, eta sinatzailearen arabera asko aldatzen da esandakoarekiko edo egindakoarekiko gure iritzia. Egia handi bat esan lezake gure beste muturrean dagoen norbaitek. Hori onartzen ez badugu, neurri batean, geure buruak engainatzen ari gara: miresmena diegun autoreak idolatratzen jarraituko dugu, egiten dutena egiten dutela ere; eta nor ez direnei, aldiz, egindakoa ezagutzeko eta zabaltzeko bidea zailduko diegu, izendunak ez direnez edo begiko ez ditugunez, aukerak ixten baitizkiegu. Izan ere, aldekoen eta kontrakoen herrian, zoritxarrez, ez da hainbeste zer esaten den, baizik eta nork esaten duen. Sasoia da ikasteko komeni dela, noizean behin, esaldiari buelta ematea. Hartara deskubrituko ditugu autore berriak, egile ezezagunak, zabalduko zaizkigu mundu berrietarako ateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!