Elorrioko plazan ikusia

Bariku gaua. Kalean egoteko aro bikaina, baita Elorrion ere, Erreka kaleko ohiko hotza ahaztuta. Aparkatzeko arazoak izan arren, halako batean jaitsi gara autotik.

Parra parera iritsi orduko aditu daiteke oihartzuna, musikak eraikin bateko hormatik eskegitako argazki zaharretan errebotatzen du, argien bristada jendearen aurpegietan islatzen da. Plazara heldu orduko kontzertuaren konpasak barruan ditugu jada.

Tabernak eta txosnak huts antzean egon arren, plaza mukuru dago beteta. Elizpean sortutako arkuaren azpira zuzentzen dira plazako begiradak, eta gu ere hantxe jarri gara, tokia dagoen tokian, atzeko ilaran, hanka-puntetan, ezker-eskuma burua jiratuz arkupeko panoramika guztia bildu nahirik. Berandu iristearen albo-kalteak.

Begirada arkupetik jendartera jaistea nahikoa da konturatzeko. Bestelako begi batzuk daude kontzertuari so, eta begi horiek eskuetan sostengatzen diren pantaila txiki argidunak dira.

Takada bat betirako iltzatzen duena da argazkia, flash bat, une bat eta ez beste bat. Eta hantxe ziren hamaika pantailatxo kliskadaka, momentu hura betikotzen, han daudela publikatzen, norbera bertan egoteak baino pisu handiagoa hartu duenean norbera bertan egon dela beste guztiek jakiteak.

Eta badoakie kontzertua, xaboizko burbuilak bezala, eta ni dudatan gelditu naiz ez ote diren joan asko eta asko mugikorrak beteta eta bihotzak hutsik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!