Inor ez da hil denontzat. Egundo egon ez balitz bezala joan den Leopoldo Maria Panerok, hala ere, munduaren amaieran sinesten zuen: “Munduaren amaierako fantasia paranoikoaren barruan bizi naiz, eta ez da nik bertatik irten nahi ez dudala; aitzitik, besteak bertan sartu daitezen nahi dut”.


Azken poeta malditoa, diote batzuek; beste batzuek nahiago dute ez ezagutu, kaiolaratu, badaezpada. Astelehenero bizitzaren labarretik amilduz, eskerrak harentzat denborak ez zuen apetazko izenik.
Arrazionaltasuna eta “bide zuzenak” banatutako bi mundu, denon artean eraiki dugun alanbrezko hesia, ez bitez engaina, antzinako moralejei kasu gehixeago egin, eta behin engainatzen banaute haren errua da, bigarrenean engainatzen banaute nik ere badut erantzukizuna. Beraz, ez dezagun pentsa hesi horren eraikuntzatik at gaudela, botererik ez dugulako indarra sobera dugu-eta.


Horrela giltzaperatu zuten Leopoldo, hobe da miseriaren gainetik erratza pasatu ikus ez dezaten. Kartzelak ez dira soilik espetxeak, bahituta edukitzeko modu asko daude; Sarrionandiaren oihartzuna belarri ostetik, “kartzelak, barruan ez daudenek kanpoan daudela pentsatzeko eraikitzen dira”.


Baina helduko ei da iraultzaren eguna, eta Argentinako Maiatzeko Plazako andreak ere eredu izango dira, ez direlako ahanzturara makurtu amnesia derrigorreko garaiotan. Leopoldoren antzera, ordinariotik ateratzen dira eta horregatik ezkutatuarazten dituzte.


Omenaldi ttiki bat bakarrik Leopoldori, bere lekukotasuna erotizatutako lengoaian plasmatuta dago, duintasunak duintasuna du zutabe. Leopoldo hil da! Gora Leopoldo! Hurrengo estatu-kolpera arte, bitartean ortzemugan trukatuko ditugu begiradak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!