Euskalburro, euskal asto astronauta

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Martinez Mazaga (Soziologoa) 2017ko eka. 2a, 08:30

Albiste faltsuak zabaltzeko bide nagusiak hiru dira gaur egun: Google, Facebook eta Whatsapp. Ez dugu asko aztertu behar gure patrikako telefonoan ohar gisa bidali diguten abisu edo berri susmagarriren bat aurkitzeko.

Horren adibidea da apirilean aho zabalik utzi gintuen berri bat. Nonbait 2018ko urtarrilean agentzia batek misio bat abian jarriko zuen “Euskalburro bat espaziora” bidaliz. Berri-agentzia batek zabaldu zuen albistea teletipoz, eta hainbat hedabidek hedatu zuten.

Egia esan, berriak ez zuen argitzen Enkarterriko astoa edota Piriniar astoa izango zen astronauta. Lehen hutsune susmagarria! Hala ere, labelekoa izango zen, “euskalburroa” baitzen. Sarean algarak sortarazi ondoren, komunikabideek albisteak desagertarazi zituzten ordu batzuetara. Haien bekatu beniala albistearen iturria eta informazioa ez egiaztatzea, bekatu gordina albiste faltsua hedatzea hartu bezala.

Honako bekatuak konfesatzera joan beharrean gaude gu ere. Ikerketek ondorioztatu dutenez, erraz sinesten eta zabaltzen baititugu ustelak diren kontuak, batez ere Facebook bidez ezagutzen ditugunak.

Facebook zentzu gabeko albisteen oihartzun kutxa da. Biralak bihurtzen ditugu lagun, ezagun eta jarraitzen ditugun komunikabideek bidalitako bideo eta kontakizun ugari “gustuko” ditugula adieraziz eta zabalduz. Zenbat eta “like” gehiago eduki jasotako horrek bizkorrago zabaltzen dugu edukia sorburua eta edukia bera aztertu barik. Gaitasun kritikoa lotan omen dugu. Finean, horrelakoekin, bakoitzak bere astoari arre esaten dio. Noiz esango diogu iso?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!