2022ko abendua gogoan gordeko dugu euskaldunok: pandemia osteko Durangoko Azoka, Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia Iruñean, eta Hertzainaken kontzertuak BECen. Hiru ekimen hauetan euskara izan da ardatza; nekez uler daitezke euskara jakin barik, euskara sentitu barik. Ideia hori izan dut bueltaka sarritan buruan: zenbat aukera eta ekimen galdu dezakeen euskara ez dakien batek. Baina, kontua da ea euskaratik kanpo bizi den batek noraino dakien horrelako ekimenez edo ohartzen den ere.

Euskararen Behatokiak abenduan emandako hizkuntza urraketen barruan argitaratu du Nafarroako Bertsolari Txapelketan, Nafarroa Arenan, taberna eta segurtasun zerbitzuetan ezin zela euskarazko arretarik jaso. Paradojikoa da 13.000 herritar euskara hutsez burututako ikuskizun batera joatea, eta aretoko zerbitzuak erdaraz baino ezin jaso izana!

Seguru nago, hala ere, paradoxa horri esker batek baino gehiagok sentitu zuela euskarara hurbiltzeko beharra. Esango nuke, sarritan, ez garela ohartzen bi mundu desberdinetan bizi garela, eta elkarren berri izateko zubiak eraikitzea beharrezkoa dela.

Zubi horien eraikuntzan kulturak paper garrantzitsua jokatzen du, baina iruditzen zait ez direla behar bezala aprobetxatzen aukera guztiak. Esaterako, hor dago ETB, bere sorreran euskara biziberritzeko apustu irmoa egin zuena. Egun, tamalez, egiten duen ekarpena, salbuespenak salbuespen, ez da txalotzekoa: baliabide gehienak gaztelaniazko katera bideratzen ditu, berrikuntzak gaztelaniazko katean probatu... Horrela jokatuz gero, nekez hurbilduko da euskararen mundura bertatik urruti bizi den bat; are gehiago, euskarazko telebistara, adibidez, arrimatu ere ez da egingo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!