Merkatu plazako nekazarion kezka

Erabiltzailearen aurpegia Durangoko merkatu plazako nekazariak 2014ko aza. 21a, 11:00

Idatzi honekin larunbatero Durangoko plazara urbiltzen garen nekazariok zera adierazi nahi dugu:


Eskertzen dugu Dendak Bai elkarteak eta Durangoko Amankomunazgoak erakutsi duten kezka Durangaldeko lehen sektorearen inguruan eta beraien borondate ona azokan kokatu nahi duten postu finkoaren proposamena egitearren, batez ere Durangoko udaletxeak kezka eta borondate handirik ez duenean erakusten. Edozein iniziatiba eta proposamen lehen sektoreari laguntzeko ongi etorria da beti.

Durangoko merkatu plazaren egoera nahiko kezkagarria da. Gaur egun (adibidez, aurreko larunbatean) 30 postu inguru gabiltza zapatuero hemen. Horietatik erdia gabiltza gure eta sasoian sasoiko produktuekin bakarrik (birsalmenta egin gabe). 15-16 hauetatik 9-10 gaude nekazaritzan ogibidez, autonomo bezala, gizarte segurantza ordaintzen, zergak ordaintzen, nekazal eta osasun sailetako kontrolak pairatzen,  irabaziak aitortzen, mercabilbao-ko konpetentzia desleiala borrokatzen...etab.

Azkeneko urteetan ordea, gazte asko ari da urbiltzen nekazaritzara eta Durangoko plaza leku aproposa eta naturala izan beharko litzake Durangaldeko nekazari berri hauek erakartzeko. Arazoa zera da, dagoen giroak, konpetentzia desleialak, salmenta eskasiak eta utzikeriak ez duela nekazari berri askorik erakartzen, erakartzen baditu gutxi batzuk ez dute lekurik aurkitzen eta lehendik gaudenok ez gara genero gehiago ekartzera ausartzen etxera erdia eramatearen beldurrez. Honen adibide, Atxondoko nekazari gazte batek utzi diola plazara etortzeari eta esplotazioa kanpoan, baina izatez Durangaldekoak diren beste nekazari gazte bik ezingo dutela etorri, udalak plazan lekurik ez dagoela esan diotelako.

Urteak dira egoera hau salatzen ari garela eta 2012.urtean Durangoko Udalak araudi berri bat atera zuen zapatuetako baserritarren merkatuaren arazoari aurre egiteko asmoz. Bi urte beranduago, araudi hau ez du oraindik inork betearazi eta egoera txarrera doa...

Egoera hau askotan salatu dugunez eta udala eta Dendak Bai jakitun zirenez, elkarte honek eta Amankomunazgoak hartutako erabakia prentsan irakurtzeak harritu egin gaitu eta galdera batzuk etorri zaizkigu burura:

- Lehen sektorea lagundu nahi badute zergaitik ez digute ezer galdetzen?
- Nork erabakitzen du zer egin eta zer ez Durangoko merkatu plazan?
- Plaza baserritarrena da? Udaletxearena? Amanmunazgoarena? Dendak Bai-rena?
- Ze pisu dute Durangaldeko baserritarrak merkatuaren erabakietan?
- Postu finko hau jarriz gero non geratzen dira bezero eta baserritarren arteko hartu emanak? Non baserritarrarekiko kontaktu zuzena? Konfidantzazko erosketa? Harremana?
- Nork eramango du generoa postu berri horretara? Ortu txiki bat duen edonok? Bere genero erdia  Mercabilbao-n erosten duenak? Plazara inoiz etorri ez denak eta etortzerik nahi ez duenak?
- Nork kudeatuko du? Baserritarrek?
- Nork eta noiz erosiko ditu mahai berri batzuk? Hormak pintatu? Arrakalak eta itokinak konpondu? Plaza hasi aurretik botelloi arrastoak garbitu?
- Udalaren ordenantza nork betearaziko du??

Guzti hau jakinda, baserritarren merkatuarentzat irtenbiderik aproposena eta Durangaldeko lehen sektoreari laguntzeko era eraginkor bat 2012.urtean udalak adosturiko araudia bete araztea dela uste dugu. Horretarako, ondo legoke Dendak Bai elkarteak eta Durangaldeko Amankomunazgoak jarri behar dituzten 15.000€-ak araudi hau betearazten dela ziurtatzen gastatzea eta ez kutsu elektorala darion kartoi harrizko baserri birtual folkloriko bat plazan jartzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!