Nik ere nahi nituzke behar dudanetan argibideak eskura izan, azkenaldian gainezka egin duten nire baitako errekekin zer egin jakiteko adibidez, ura leporaino heldu aurretik. Horregatik hasi naiz etxean bila eta topatu ditut lehenengo airfryer eta berogailuarenak. Eta gero topatu ditut liburuen apalean kronopio eta famen artean Julio Cortazarrek idatziriko instrukzioak nola eskailerak igo, nola negar egin, nola txingurriak hil, nola abestu, nola erloju bati giltza eman.
Aski ez zaizkidala eta nik ere ekin diot eskuliburu propioak idazteari, xehetasunik txikienak zainduz eta generoak eskatzen duen hizkera zehatz eta konkretuz, egunen batean lagungarri izango zaizkidalakoan: instrukzioak ateak zabaltzeko, autobusean irakurtzerakoan esaldi bat zuzen azpimarratzeko, eguraldiaz hitz egiteko, geltokian zain egoteko, ilusioa barrutik eramateko, asilo eskatzeko gau batez…