Gauzak dauden moduan uztea izan ohi da aukera bat. Baina heltzen da momentu bat “orain arte bai, hemendik aurrera ez”.

Marra gorri bat, edo Richter eskalan ezin neurtuzko lurrikara bat herritarren kontzientzian, sendo zirudiena pitzatuz eta arrakalatuz egonkorra zen zorua. Errebelde izatea bai eta ez esatea da, edo ez eta bai: “Ez orain arteko zapalkuntzei, bai errepublika berri bati”.

Santo Domingoko azukre kainabera arloetan egin ziren errebelde Touissant L’ouverture eta Haitiren independentzia lortuko zuten gainontzeko esklabo beltzak. Errebeldian epaitu ostean fusilatu zuten Lluís Companys 1940an. Maria Merçe Marçalek hiru bertute eta hiru aldiz errebelde izatea eskertzen zion zoriari: emakume, langile eta nazio zapaldukoa. Errebelde deitu zuten euren burua Sierra Maestrakoek, eta Radio Rebeldetik kontatzen zituzten euren ibilerak. Brendan Beham IRAko poetak tabernaren batean horditurik idatziko zituen Confessions of an Irish Rebel (Txalaparta 1999) autobiografiaren azken orriak, eta sarri izan dira “declarado rebelde” Espainiako Auzitegi Nazionalean euskaldunak. Deabruak eurak ere, zerutik kanporatutako aingeru errebeldeak baino ez ziren (orduko mass mediak desitxuratuak), apokalipsiaren eztakitzenbatgarren kapituluak dioenez.

Batzuk historiak absolbitu ditu dagoeneko, beste batzuek pixka bat gehiago itxaron beharko dute oraindik. Denbora da poligrafo bakarra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!