Otsailak 18, Saharar herriaren bi efemeride

Saharar meteorologoek ez dute elurrik iragarri biharko. The New York Times-ek, basamortuko elurtea kontatu baino hiru urte lehenagoko bonbardaketen aurrean isilik geratu zenak, gerraren berpiztea iragarri berri du . 79ko elurteek ez zuten lortu 76ko gertakaririk estaltzerik.

Ia mende oso bateko kolonizazioaren ondotik, 1975ean Espainiak Marokoko Hassan II.a erregearen eskuetan utzi zuen Sahara. Urte berean Saharako herri handienak inbaditzaile eta kolono berrien esku zeuden jada, eta sahararrek etsaiaren praktikak ezagutzen zituzten: lapurretak, hilketak, torturak, bortxaketak... Bortizkeria honen aurrean milaka sahararrek, zituzten ondasun apurrak aldean hartuta, errefuxiatu eremuetara alde egin zuten. 1976ko otsailaren 18an marokoar abiazioak errefuxiatu eremu hauek bonbardatu zituen, fosforo zuria eta napalma baliatuz eta, gutxienez, 2.000 hildako eraginez.

Hiru urte geroago, biharko egunez, 1979ko otsailaren 18an, zuriz tindatu zen berriz Saharako zerua. Errefuxiatu eremuan bizi zirenak, azken bonbardaketa oraindik hurbil, azkar ezkutatu ziren, norbera bere teilatupean. Baina ez zen fosforo zuria, historian (“memorian dugunetik behintzat” ohartaraziko zuen biharamuneko The New York Times-ek) lehen aldiz elurra ari zuen Saharako basamortuan. Hortik aurrerakoa ezaguna da; 1991n su etena sinatu zuten Marokok eta Fronte Polisarioak, hurrengo urtean autodeterminazio erreferenduma egiteko baldintzarekin, oraindik Marokok onartu ez duena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!