'Gerratik ihesi' hitzaldi zikloa maiatzaren 18an hasiko dugu

Gerra etxeraino sartzen denean, bizirauteko beharrak herritik kanpo joatera bultzatzen gaitu. Munduko bazter guztietan eta historiako une askotan izan da horrela. Aurten, Kainaberako hitzaldi zikloan, errefuxiatuen errealitatera hurreratu gura dugu, eta lau berbaldi prestatu ditugu horretarako.

Maiatzaren 18an hasiko dugu hitzaldi zikloa. Victor Pozas unibertsitateko irakaslea izango da gurean. Siriako gatazkan momentu honetan bizi duten egoeraz berba egingo digu nazioartean eta komunikazioan aditua den Pozasek.

Bigarren berbaldia hurrengo eguaztenean izango da, maiatzaren 25ean. Emakume errefuxiatuengan jarriko dugu arreta; izan ere, emakume izateagatik, erbesteko bidean indarkeria bikoitza sufritu behar izan dute hainbat emakumek. Gai hori ekarriko dute gurera Trinidad Vicente Deustuko unibertsitateko giza eskubideen instittutuko kideak eta Maryan Fathi errefuxiatu kurduak.

Ekainaren 1ean izango da hurrengo hitzaldia, eta Egeo itsasoan salbamendu lanetan boluntario ibili direnen bizipenak entzun ahal izango ditugu. Euskal Herrian Salvamento Maritimo Humanitario elkartea sortu zuten errefuxiatuen itsasoko etorraldietan laguntzeko, eta elkartean, suhiltzaileak, medikuak, sorosleak, eta bestelako profesionalak daude, Greziako Chios irlan lanean.

Hitzaldi zikloa amaitzeko, guk gertuen bizi izan dugun gerraz eta erbesteaz berba egingo digu Gregorio Arrienek, ekainaren 7an. Ia berrogei urte daroatza Arrienek gure errefuxiatuen gaia ikertzen, eta hainbat liburu idatzi ditu gaiari buruz.

Hitzaldi guztiak Iturri kultur etxean izango dira, 19:00etan hasita. Urtero legez, gaiari buruz ikasi, gogoeta egin, eta eztabaidarako gune bat sortzen ahaleginduko gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!