Arkatzak dantzan ditugu!

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Gangoitia 2015ko api. 10a, 08:30

Umea nintzela, Mari Errauzkinen azala zuen egunerokoa gordetzen nuen mesanotxean, giltzarrapo eta guzti. Banuen eta badut sekretuak, inori ardura ez zaizkiola uste ditudanak, pribatuan idazteko ohitura; nire-nireak ditudalako, edota nik idatzitakoa inori ardura ez diola uste izan dudalako. Ahalduntze ariketa bat proposatu diot nire buruari zutabe hau idaztea onartu dudanean, emakume diagnostikatuok espazio publikoari diogun beldurra gainditu nahian, gurea den espazioa okupatu dezagun.


Emakume euskaldun gazteok (horiek baitira nire betaurrekoek dituzten lenteak) jende aurrean aritzeari diogun ikara ez da kasualitatea, kausalitatea baizik. Umetan, egunerokoa hartzen nuen bakoitzean, Mari Errauzkinek begirada eztiz gogorarazten zidan neska zentzuzkoa izan behar nuela, esanekoa, eta ezin nuela jende aurrean eta ordu txikitan bakarrik agertu, eta, hala eginez gero, babes gabe aurkituko nintzela, zapatarik gabe. Gaur egun, betaurrekoak janzten ditudanero galtzen ditut zapatak. Zuri ere, ez al zaizu inoiz gertatu telebista isiotu, egunkaria zabaldu edota mahai inguru batean parte hartu, eta paisaia maskulinoa dela ohartzea? Tradizionalki espazio publikoa gizonezkoek okupatua izan denez, kodea gizonek eraikia izan da, izan kulturala, emozionala, intelektuala… Baina gu ez gara begirada eztiz begira egotekoak. Inork ordezkatu ezin gaituen botere guneetan egoteko prest gaude!

Zutabe honek balio dezala, beraz, emakume euskaldun gazteok ditugun giltzarrapoak askatzeko. Arkatzak dantzan ditugu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!