Musika-dantza ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Ibilaldia 2016 2016ko api. 19a, 12:40

Eguraldiak lagundu ez zuen arren, Durangarrek bat egin zuten Ibilaldiko musika-dantza ekimenarekin. Giro aparta zegoen larunbat goizean Durangoko kaleetan Ibilaldia 2016k antolatutako musika-dantza ekimenean.

Eguraldi grisa irten zen arren, goiza koloretsu bihurtzeko gai izan ziren Durangarrak. Goizeko hamaiketan, Plateruenan hasi zen ekitaldia, Durangoko Orfeoiaren eskutik. Dagigun Kanta-jolasa izan zen lehen abestia eta ezaguna egiten ari den abestiak, inguruan zegoen jendea hurbiltzea lortu zuen. Ehun bat pertsona elkartu ziren “geroa giroan bizitzeko”, Dagigun kanta- jolasak dioen bezala.

Plateruenan bertan, Doinuzahar eta Bogoroditsie koroak hartu zuten lekukoa eta Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean” abestia aukeratu zuten lehen abesti bezala. “Plazetako kantari bakardadez josia” esaten du abestiak, baina, bertan zegoen jendea ere, Euskal Herrian ezaguna den abestia kantatzera animatu zen. Eta horrekin abiatu zen kalejira Plateruenatik Ezkurdi plazara. Bertan zeuden Musika Eskolako Korda taldeko gazte eta ez hain gazteak itxaroten.

Zalaparta eta giro paregabea zabaldu zen Durangoko kaleetan eta txikienen goxotasunerako Musika Eskolako Korda Taldekoak Pirritx eta Porrotxen “Maite Zaitut”abestiarekin hasi ziren, ume, guraso eta hurbildu zen jendearen ahotsen laguntzarekin.

Oskorriren “Egia da” abestiarekin jarraitu zuten Korda taldekoek eta, abestiak dioen bezala, “ikusten txo!, harrapeixu betela”, Durangarrek harrapatu zuten, bai!. Hamaika eta erdiak pasata, berrehundik gora lagunekin abiatu zen kalejira Ezkurdi plazatik Andra Mari Eleizpera. Bertan, Eirbanda taldea itxaroten zegoen. 

Andra Marin, bertan zeuden herritarrei, abestien letrak banantu zitzaizkien eta denon artean “Euskal Herrian Euskaraz”, “Ixil Ixilik dago” eta “Guk Euskaraz, zuk zergaitik ez” abestiak, besteak beste, abestu ahal izan ziren. Giro aparta sortu zen Andra Mariko elizpean eta ikusmira handia zegoen. Herritarren parte-hartzea izugarria izan zen. Euria ere hasi zen baina horrek ez zuen kalejira gelditu eta udaletxeko plazara abiatu ziren.

Udaletxean itxaroten zeuden Musika Eskolako saxo laukotea eta flauta taldea. Ederra giroa sortu zena Udaletxeko plazan ere! Bakanen bati ere dantzarako gogoa agertu zitzaion. Baina kalejira Andra Mariko elizpera abiatu zen berriro ere. Han zeuden L´Atelier Dantza eta Antzerki eskolakoak itxaroten. Dagigun kanta-jolasaren koreografia erraldoi bat osatu zuten. Herritarrak musika eta dantza giroan murgilduta zeuden eta koreografia dantzatzera ere animatu ziren. Zahar eta gazte, neska eta mutil, denak elkarrekin dantzatu eta abestu zuten Dagigun! kanta-jolasa. 

Bazegoen gehiagorako gogoz gelditu zenik. Lasai! Ibilaldia 2016 Dagigun maiatzaren29an izango da, baina lehenago kirol ekintza dator eta hor ere giro aparta sortuko da Durangon eta Durangoko inguruetan. Adi! Kirol-ekintza laster egingo da eta horren inguruko informazioa www.ibilaldia.eus helbidean izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!