Traktorradak

Erabiltzailearen aurpegia Bixente Aizpurua Eguren (Irakaslea) 2024ko mar. 22a, 08:41

Nekazari eta abeltzainen pazientzia agortu da. Urteak eta urteak igaro dituzte lanean etekin txiki baten truke, baina hori bukatu da. Lehen sektoreko askok giltza eman diote beraien lanbideari jubilatu edo nekatu direlako. Atzetik datozenek egoerari buelta eman nahi diote lurrak emandakoari esker bizi nahi dutelako eta tinko heldu diete beraien aldarrikepenei. Horretarako, traktoreekin bazter guztiak bete dituzte euren hitza entzun dadin.

Ez dute diru laguntzarik eskatzen, egiten duten lana egoki eta zuzen ordaintzea da eskatzen dutena.

Egin beharreko tramiteak sinplifikatu, arindu eta erraztu.

Lur gehiago, ustiapenak errentagarriak izan daitezen.

Eta beste abar luze bat.

Horren aurrean politikariak entzungor azaltzen dira eta kontrako erabakiak hartzen dituzte, behar beharrezkoa duten lurra zementu bihurtuz.

Elorrion PNVk eta EH Bilduk bat egin dute Pulla-Azkarreta, balio agrologiko handiko lurzorua, makro-industrialdea aurrera eramateko. Non geratzen da PNV, EH Bildu, PSEk Eusko Parlamentuak onartutako Aldaketa Klimatikoaren legea?

Elorrion zertarako behar dugu beste industrialde bat, 16 hektarea inguru erabilerarik gabe eta kutsatutako industria-lurrak daudenean? Hektarea horiek deskutsatu ondoren erabiliz gero nahiko eta sobera izango litzateke baserritarrei lur emankorrik kendu gabe, baina, dirudienez horretaz ez dira ohartu ez EH Bildu ezta EAJ ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!