Egin niri kasu

Erabiltzailearen aurpegia Antton Uriarte Salterain 2017ko uzt. 7a, 08:30

Ez udan maitemindu, maite osteko mina mingotsegia omen da. Ez zaitez oporretan horren urrutira joan, ezezaguna dena arriskutsuegia ei da. Ez zaitez herrian geratu baina, mundura irekitzeak hezten gaitu eta. Ez oraindik bainurik hartu, jan eta 3 ordu pasa aurretik goizegi  ez ote den.

Ez askorik eman, bueltan akaso erdia ere ez duzu jasoko eta. Ez bizikletarik hartu, ea autoren batek harrapatuko zaituen. Ez halakorik, horrelakorik zein bestetakorik jan, osasunerako kaltegarri omen dira guztiak. Ez kasurik egin izkina horretako eskale gizajoari, ezezagunari mesfidantza baino ez zaio zor eta. Ez halakorik jantzi, besteren begietara ezegokia omen da. Ez utzi artxibatu gabeko ezer, dokumentatu guztia, gurean ezer bizitzeak baino bizitakoa elkarbanatzeak balio baitu gehiago. Ez gaitezen errekako uretan murgildu, ur zikinok gaixotuko ote gaituzten. Ez egin ametsik ahal dela, biharamunean errealitateak atsekabetuko ei zaitu. Ez ausartu, arriskuen amildegian ez jolasik egin, gurean galtzea kasik krimena egitea omen da. Ez utzi edulkoratu gabeko ezer, errealitate gordina garratzegia ei da. Ez zaitez sofatik altxatu, gainontzekoak azkura gehiegi ez ote digun eragingo. Eta ez jarri dudan esandako honetatik guztitik ezer, egin niri kasu, egidazu men, diotsudana egia ahalguztiduna da eta.

Eta berez independiente eta askeago garen garaiotan, ez dakit, azken batean, jakitunago ez ote garen albokoak egin beharko lukeenaz norberari komeni zaionaz baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!