Iraultza txikiak

Argentinatik etorri eta duela lau urte fruta-denda zabaldu zuen Durangon. Gutxik dakite euskaltegian bi urte egin zituela, eta bezeroek haren hizkera entzutean ez dute imajinatzen “sei platano”, “hiru tomate” edo “melokotoiak gozoak daude?” ulertuko duenik. Baina bai, ulertuko dizu; eta ziurrenik, zure ahalegina eskertuko du. Euskaltegian ikasitakoa ez ahazteko eta apurka-apurka berak ere euskaraz berba egiteko horixe behar du; entzutea.

65 urte dauzka eta Elorrion bizi da. Umetan aitita-amamen ahotik ikasi zuen euskara –erdaraz ia ez zekiten haiek!- baina gurasoek, Frankismoko urte ilunenetan, albo baten utzi zuten euren ama-hizkuntza. Lagunekin ere gaztelaniaz egin izan du beti. Laster amama izango da, eta bere ustetan nahiko baldar moldatzen bada ere, euskaraz egin gurako lioke bilobari. Koadrilan bota du erronka; gaurko errondan euskaraz egingo du berba. Ulertu, guztiek ulertzen dute. Euskaraz egitera animatzen badira, ederto; bestela, erantzun dezatela erdaraz.

Aurten hasi da unibertsitatean, eta Euskal Herri osoko jendea ezagutu du Leioan. Barakaldoko lagun mina egin du, eta harrituta dago hark euskaraz egiteko duen joerarekin: Durangaldea baino inguru erdaldunagoan bizi bada ere, euskaraz bizitzeko aukera kontzientea egin du barakaldar.

Horixe da kontua: entzuteko prest, berba egiteko gogoz eta ariketa kontzientea egiteko motibatuta egotea. Joan daitezela pikutara aurreiritziak eta hankasartzeko beldurra.  

Filosofia hori zabalduko da laster gurean; horixe dakar Euskaraldiak. Bilatu interneten, indartsu dator.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!