Umea nintzela, gau batez aitari galdetu nion ea hona ere gerra etorriko ote zen egunen baten. Ez dakit zenbat urte edukiko nituen, baina telebistan ziurrenik Yugoslaviako gerrako irudiak ikusi eta gero egingo nion galdera hura aitari.

Beste egun batez, ahizpek logelan zuten munduko mapari begira, azaldu zidaten aspaldi Europatik Ameriketara eraman zituztela afrikarrak, eta esklabo gisa saltzen zituztela, oso indartsuak zirelako. Nik ordura arte pentsatzen nuen beltzak Afrikakoak izateaz gain, Estatu Batuetako jatorrizko herritarrak ere bazirela, pelikuletan ikusten nituelako.

Ordutik gauza asko ikasi dut. Ikasi dut “Amerika deskubritzea” zer izan zen, eta gerren atzean herrialdeen arteko borrokak baino zerbait gehiago egoten dela; boterea eta dirua dituenak finkatzen duela albistegietako gidoia, eta jende horren egia besteena baino indartsuagoa bilakatzen dela. Gezur bat mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen dela, eta mundua zoratuta dabilela, badakizue.

Egunero milaka mezu jasotzen ditugu komunikabideen eta sare sozialen bidez. Batzuetan, gertakariak gugandik gertu pasatuko dira, eta errazagoa izango da albiste iturri zuzenetatik edatea, baina beti izango da garrantzitsua begiak eta belarriak zabalik edukitzea. Izan ere, egiak zati asko izaten ditu, eta geuk erabaki beharko dugu gure puzzlea egiteko zein zati hartu. Ikusi beharko dugu zer duen egiatik kontatzen digutenak. Azken finean, beltzak ere badirelako Estatu Batuetako herritar. Eta geurera ere etorri daitekeelako gerra. Edo ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!