Ezin dut irudikatu kalera irten zarenean zer asmorekin irten zaren. Agian zure alkondara berriena jantzi duzu, edo parrandaro ateratzen duzun beste hura, harekin guapoago zaudelakoan. Ez dakit lagunekin irten zaren, edo lagunak azkar galtzeko intentzio osoarekin. Tabernara sartu garenean, barra ertzean ikusi zaitugu, bakarrik, eta itxura txarra hartu dizugu. “Tipo arraro bat dago hor”.

Tabernariari oso modu txarrean, zakar, bota diozu edalontzia, zerbeza eske. Guri begira zaude. Erne jarri gara. Deseroso, beste leku batera mugitzea erabaki dugu. Apur batera, han izan zara berriro, gure inguruan. Gure korroan sartzeko ahalegina egin duzu, eta bizkarra eman dizugu. Nire lagunaren besoa ikutzen hasi zara, “laztantzen”, eta nazka eman diguzu. Nazka eta amorrua. Indarkeri inpultso batez, joateko esan dizugu. Utzi bakean. Eta alboko koadrilako neskengana urreratu zara.

Kontatutakoa zapatuan gertatu zitzaigun, Ferixa Nausikoetan. Sentitu genuen ezinegona gauza txikia, ñimiñoa, da beste eraso batzuekin konparatuz gero, baina bai, hura ere eraso izan zen.

Asteon, Antzar Egunaren biharamunean izan dugu beste bortxaketa salaketa baten berri. Beste bat. Durangon bertan ere, Andra Mariko elizpean larregitan zabaldu behar izan dute pankarta durangarrek pairatutako erasoak salatzeko.

Ez gaitezen ohitu jaiero horrelako albisteak entzutera. Gurean ere gertatu daiteke, eta gai honek jarrera aktiboa eskatzen du. Hor egon behar dugu, gertu, geure burua defendatzen, besteei laguntzen, erasoei aurre egiten. Aske bizitzeko eskubidea dago jokoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!