Tik bat

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2017ko mai. 12a, 08:30

Soziologoen berbetan, tradizioak, gizartean normaltzat hartutako kontuak, eta funtzionatzeko erak aldatzea ez da batere gauza erraza. Zerk alda lezake gizarte bat? Armagabetze batek, agian? Independentziak? Gizarte mugimendu batek? Krisi ekonomikoak? Istripu nuklear batek?

Gurean, bada pertsonen harremanak guztiz aldatu dituen beste kontu bat; poltsikoan izango duzu, esku artean agian, poltsan.

Gaur goizean ere, itzartu, alarma kendu, eta mugikorrean zer berri dagoen begiratu dut. Eskura izaten dut normalean. Mahai gainean daukat orain, ordenagailuan idazten ari naizen artean, eta geroxeago agian kotxean ere nahiko dut eskura izatea, semafororen baten watsappak irakurtzeko edo.

Arratsaldean berandu banabil, ez naiz asko larrituko; koadrilako whatsappean “10 minutu” idatzi, eta listo. Gero, tabernako terrazan, bideo ikusgarri baten inguruan ibiliko gara, eta Wikipediara sartuko gara, aktore hura nongoa den edo herri hark zenbat biztanle dituen ikusteko.

Eta horrela, hamar minutuan sei bider begiratzen diot mugikorrari, erantzun baten zain (gero eta pazientzia gutxiago ote daukat?). Bakarrik nagoenean ere sarri begiratzen diot, ea zer berri dagoen. Aspaldi ikusi ez dudan lagun bati musu pilo bat bidaltzen dizkiot, eta kafea hartzeko geratu garenean, batere ez.

Agian egunen baten egin beharko dugu. Euskaraz 24 ordu bizitzeko ekimenak egin dituzte ba? Bada, guk ere antzeko zer edo zer; mugikor barik bizitzeko 24 ordu, asteburu bat, hainbat egun. Erretiro espiritualak, abstinentzia sindromearekin egun batzuk pasatzea. Bai, egunen baten agian horixe beharko dugu. Egunen baten. Ala gaur?

Orain bai: bi tik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!