Gure zorra

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2017ko ots. 24a, 08:30

Frankismoak euskaran izan zuen eraginaz hamaika kontu entzun izan ditut txikitatik, baina ez dakit eten horren gordintasunaz jabetzen nintzen, Durangoko pertsona nagusien testigantzak jasotzen ibili zen neskari elkarrizketa egin nion arte. Ahotsak.eus ekimenerako zebilen lanean, eta kontatu zidan harrituta geratu zela etxe batzuetan; Durangoko hizkera aberats-aberatsa zuten adineko pertsona batzuek ez zuten seme-alabekin euskaraz egiten, ez zieten euskara transmititu.

Gure gurasoek bizi izan zuten hori. Kalea gaztelaniarena zen, eta egitekotan, etxean egiten zen euskaraz. Baina batzuek etxean ere ez; gaztelaniaz ez zekien amamagaz agian zer edo zer, baina gurasoek etxean euskara ez transmititzea erabaki zuten. Beldurragatik, euskarak zuen prestigio txarragatik, burlengatik, ume haiek gaztelania ondo ikastea gura zutelako.

Hortxe gure hizkuntzaren zulo beltza. Orduko hartaz kontziente izanez gero, egoerari buelta emateko egin izan den lanak balio itzela hartzen du. Ederra da gaur egun aitita-amama direnei ikastolak sortu zituzten garaia kontatzen entzutea. Begietan dirdira berezia pizten zaie. Ederra da, baita, adibidez, handik hainbat hamarkadatara Euskaldunon Egunkaria sortu zuteneko dokumentala ikustea. Gure hizkuntza biziberritzeko ilusio izugarriaz egin du lan jende askok.

Inbidia apur bat ematen dit, lana eginda eman digutelako guri, eta eurek bizitako ilusioa ez dugulako era berean biziko. Baina, pentsatzen jarrita, gure aurrekoei zor diegu ilusioa mantentzeko ahalegina, ekimen berriak sortu eta begietako dirdira mantentzekoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!