Biharamuna

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2016ko abe. 23a, 08:50

Ohikoa izaten ei da AEKn, Korrika amaitu eta gero, antolatzaile bat baino gehiago gaixotzea. Egun intentsuak izaten dira Korrikakoak, emozio handikoak; urduritasuna, ezinegona, tentsioa, poza, ilusioa, euforia… Eta olatua pasa eta gero, gorputzak horrelako erreakzioak izaten ditu. Biharamuna.

Bizkaiko txapelketako finaleko bertsolariek ere biharamun berezia izango zuten aste honetan. Hutsune moduko bat barruan: “Kito, egin dut egin beharrekoa!” Bezperetako urduritasunak, egunean bertan bizitako adrenalina... amatatzen joango ziren. Antolakuntzan ibili diren guztiak ere, antzera: “Eta orain zer egingo dugu asteburuetan?” Eszenatokia muntatzeko traste guztiak maletetan gorde dituzte.

Zapore gozoko biharamuna da; kritikak etorriko dira, bai, batetik edo bestetik, baina egindako lanak eman du bere fruitua.

Gai-jartzaile taldean ibili garenok ere biharamuna dugula esango nuke. Amaitu zaizkigu martitzenetako batzarrak. Finaleko eguna handia izan zen, baina ordura arteko bidea ere ederra izan da; batzar luzeak egin ditugu bertsolariei istorioak sortzen laguntzeko abiapuntuak asmatzeko. Eta saioetan guk ere txintxaun gaineko adrenalina bizi izan dugu: esperotako erantzunak, guztiz harritu gaituztenak —desengainu batzuk ere tartean—, barreak, sorpresak…  

Aste honetako biharamun luzean behin baino gehiagotan gogoratu naiz taldeko kideon zapatuko pozaz eta besarkadez. Eskerrik asko istorio eder honen sorkuntzan ibili zareten guztioi. Eta beste guztioi, urte berrirako honen antzerako biharamun ederrak opa dizkizuet!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!