Diruaren hotsa

“Txin-txin, txin-txin diruaren hotsa…” dio abesti ezagunak. Txirrindularitza diru gosez da. Garestia da oso lasterketa bat antolatzea. Antolatzaileek komeriak izaten dituzte urtero-urtero aurrera egiten. Gure eskualdean ikusi dugu Urkiolako Igoera lasterketa desagertzen, baita Udabarriko Klasikaren zailtasunak ere egutegian jarraitzeko.

Kirol merkea da, ordea, ikuslearentzat. Ez dago sarrera ordaindu beharrik. Ondorioz, publizitatea eta laguntza publikoa dira diru iturri bakarrak. Bata lortzea gero eta  zailagoa da. Besteak, aldiz, lehentasun garrantzitsuagoak ditu. Euskal Herrian ez ezik, Europa osoan hedatu den gaixotasuna da.

Hori horrela, hainbat aukera aztertzen ari dira kontinente zaharrean. Iragan astean, antolatzaileen artean egindako galdeketa argitaratu zuen Het Nieuwsblad egunkari flandriarrak. Ondorioa argigarria da. Flandriako egun bateko lasterketen antolatzaileen %50ek uste du etorkizunean ezinbestekoa izango dela ordainketa modu bat jartzea. Sarrera hitza ez aipatzeko eufemismo bat. Erabaki zaila benetan. Beste kirol batzuetan ikusleak ez du inongo arazorik patrika husteko, baina txirrindularitzan zaleek onartuko lukete? Sakon aztertzeko gaia dela deritzot. Diruaren truke, txirrindularitzak zaleak eta arima bidean galduko lituzkeela diote batzuek. Beste batzuek, aldiz, txin-txin hots barik, lasterketarik ez litzatekeela egingo. Erabaki zaila bezain polemikoa. Zein lehenago, arrautza ala oiloa?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!