Iurretako Maiztegi herri eskolako 35 ikasleek Zaldeiko ibaiertza garbitu dute

Anboto 2024ko api. 29a, 13:57

Iurretako Eskola Agenda 2030 programaren barruan garbitu dute Aita San Migel plazaren inguruan doan erreka. Aurrerago Juan Orobiogoitia BHIko ikasleek ere garbituko dute erreka.

Iurretako Maiztegi herri eskolako 35 ikasleek Zaldeiko ibaiertza garbitu zuten joan zen apirilaren 24an. Eskola Agenda 2030 programaren barruan egin dute Aita San Migel plazaren inguruan doan ibaiertzaren garbiketa, joan zen ikasturtean egindako udal diagnostikoa oinarri moduan hartuta. Halaxe jakin eragin dute udal arduradunek.

Udalerria hobetzea helburu hartuta, ikasleek ekintza eraldaltzaile bat egin behar zuten. Bada, herriko ibai baten garbiketa antolatzea aukeratu zuten. Maiztegi herri ikastetxeko eta Juan Orobiogoitia BHIko ikasleek udal foroan ekintza aurkeztu ondoren, udalari laguntza eskatu zioten dena martxan jarri ahal izateko, udal arduradunek ohar batean azaldu dutenez.

Maiztegi ikastetxeko ikasleek hainbat hondakin batu zituzten, "horrek dakarren ingurumen-onurarekin". Eta ekintzagaz "gozatu" zuten, udal ordezkariek azaldu dutenez. Oskar Koka alkatea ere bertan izan zen, "prozesua ikusi eta ikasleak animatzeko". Bildutako hondakin guztiak ikastetxera eraman zituzten, "gainerako ikasleek, irakasleek eta senideek ikus zitzaten, gaizki kudeatuz gero guk kontsumitzen ditugun produktuen hondakinak non amaitu daitezkeen hausnartu ahal izateko", gaineratu dutenez. Juan Orobiogoitia BHIko ikasleek geroago egingo dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!