"Bakixan ez dugu Donostiako danborradaren inbidiarik"

Aitziber Basauri 2024ko urt. 20a, 10:20

Donostiako danborradagaz batera entzun zen lehenengoz Bakixako daborrada, 2013an. Aurten, azken erretretan bat egingo dute Donostiako eta Bakixako daborradek. Bertan izango da Jabi Intxausti (Iurreta, 1967), faltarik barik. Ia 30 urte dira Lemoan bizi dela, baina Bakixako San Sebastian jaiak ezinbesteko hitzordua ditu. Euriaren edo hotzaren beldurrik barik bertaratzeko gonbita egin du Intxaustik. "Jai giro polita sortzen da", nabarmendu du.

Bakixako danborradaren sortzaileetariko bat zara. Zelan izan zen?
Aurretik ere banuen buruan bueltaka, baina justu urte hartan, 2013an, domeka jausi zen San Sebastian. "Ba, zergaitik ez dugu danborrada egiten zapatu gauerdian?", bota nuen. Julian Bilbaok ere ondo ikusi zuen eta segituan ekin genion dena mugitzeari. 30 bat lagun elkartu ginen eta ekimenak arrakasta handia izan zuen. Ordutik eutsi egin diogu, pandemia garaian izan ezik. Hainbeste urtean egin eta gero, aurrera jarraituko duela esango nuke. 

Sebastian bat bada zeruan, Bakixa bat bakarra da munduan?
Bai (barrez). Bertakoa izanda zer esango dizut, ba! Jai giro berezia sortzen da, ez dut uste Iurretako beste kofradiek dutenik. Nik horrela bizi dut, neguan ospatzeak trabak sortzen baditu ere. Ikuspegia ere zoragarria da, Durangalde osoa ikusten da. 

Baduzue Donostiakoaren inbidiarik?
Santua kendu digute! Eta Donostian ospatzen badute, zergaitik ez dugu, ba, guk ere egingo! Bizkaian ez dut uste beste inon egiten denik, baina halantxik tokatu zaigu santua eta. Baina inbidiarik ez. Izatekotan, inbidia sanoa. Laster Donostiara ez, Bakixara etorriko da telebista ere, seguru! Danborrada txikia baina polita da gurea.

Angulak ala gulak, zein da menua?
Guk ez daukagu hainbeste diru, ez gara hiriburukoak. Batzuek izan dute San Sebastian egunean angulak jateko ohitura, oraintsu arte. Baina jaien barruan ez, ez dugu horrelako menurik izan. Baba-jana egoten zen garai batean, zapatuan. San Sebastian egunean herri bazkaria izaten dugu, eta aurten tortilla txapelketa ere antolatu dugu iluntzerako. Baliteke horixe izatea askoren afaria San Sebastian egunean. 

Zenbat lagun batzen zarete?
Normalean 30 bat lagun, inoiz 45 inguru ere elkartu garen arren. Nagusienak 80 bat urte izango ditu, eta gazteenak zortzi baino gutxiago. San Sebastian Martxa, Diana, Erretreta, Iriyadena, Au dek Au eta Gau Ibilera jotzen ditugu, eta lehenengo entsegu eta prestaketekin hile bi lehenago hasten gara.

Aurtengoa 10. danborrada izango da. Modu berezian ospatuko duzue?
Ez, pandemian izandako etenaren ondoren apur bat galduta ere ibili gara eta. Igual 15.a ospatuko dugu. Egongo dira aukera gehiago.

Ikusi duzu aldaketarik urteotan?
Jendearen aurpegietan ikusi dut aldaketa (barrez). Umeak zirenak nagusitu egin dira. Batzuek utzi egin dute, baina beste batzuek pozik jarraitzen dute. Pozik eta gogotsu etorri ezean ez du merezi... Asko kanpoan bizi gara, baina etortzen gara jaietara. 

Luhartzeko bateria-jotzailea izan zara. Lagundu dizu horrek danborra jotzen?
Bai. Dena dela, badira 24 bat urte utzi nuela. Inoiz Luhartz etorri denean, jo izan dut, baina... 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!