Mugikortasuna hobetzeko proiektuetan 175.000 euro inbertituko dituzte Iurretan

Anboto 2023ko aza. 23a, 12:50
Arriandiko Akiñenako pasabidean igogailua eraikitzeko 75.000 euro gorde dituzte

Iurretako Udalak 7,1 milioiko aurrekontua izango du datorren urtean. Inbertsioen atalak 775.000 euro hartuko ditu, aurrekontu osoaren %11.

Datorren urterako udal aurrekontua onartu dute Iurretan, gaur. Azken urteetako aurrekonturik handiena, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, 7.100.000 euro. Inbertsioen atalak 775.000 euro hartuko ditu, aurrekontu osoaren %11. EAJren eta PSE-EEren babesa izan dute gobernu taldeak aurkeztutako udal kontuek. EH Bildu abstenitu egin da.

Datorren urterako honako inbertsio nagusi hauek azpimarratu ditu  Totorikaguenak: Arriandiko Akiñena pasabideko igogailua eraikitzea (75.000 euro), Bizikleta Planaren jarraipena (100.000), Dantzari plazako irisgarritasuna hobetzea (50.000 euro) eta Maiztegi eskolarako patio integratzailearen proiektua idaztea (15.000 euro).

Horrez gain, Ibarretxe kultur etxerako, liburutegirako eta kultura sustatzeko jardueretarako ere gorde du dirua udalak. Kultura arlora 820.000 euro bideratuko dira guztira. Aldiz, hezkuntza arlora, 390.000 euro. Gizarte ekintza eta berdintasunera 303.000 euro bideratuko dira, eta, aisialdi eta kirol arlorako 420.000 euro.

Elkarlanerako proposamena

"Konfiantzazko" botoa izan da talde subiranistak emandakoa. "Ez dira aurrekontu oso anbiziotsuak; ez dago gauza berria askorik. Eta ez da erraza aurrekontu orekatua osatzea". Ziortza Duñabeitiak azaldu duenez. Ildo horretan, elkarrekin lan egiteko eskua eskaini diote gobernu taldeari. "Gure apostua herriaren alde lan egitea da".  PSE-EEko Julen Calleja ados agertu da jeltzaleek aurkeztutako udal aurrekontuagaz eta hori aurrera eramateko lan egiteko prest agertu da.

Iñaki Totorikaguena alkateak argitu duenez, "gastu arrunta eta pertsonal gastua asko igon da eta horri aurre egin behar diogu ezinbestean. Hala ere, inbertsioen atalak aurrekontu osoaren %11 hartuko du; gai izan gara inbertsioetarako dirua bideratzeko. Ahalegin handia izan da". Nabarmendu du datorren urtean ere mugikortasun jasangarria lantzen jarriko dela indarra. 

"Ekonomia saneatua"

Diru-sarrerei dagokienez, alkateak nabarmendu du Udalkutxatik jaso beharreko zenbatekoa %6,49 igo dela (udal finantzaketarako fondoa), eta gainerako sarrera-aurreikuspenak, "zuhurtziaz" eta "modu errealistan" egin direla, 2023ko ekitaldiko diru-bilketa erreferentzia hartuta. "Gainera, udalak zorrik gabeko ekonomia saneatua du, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorrari esker,  eta horrek anbizio handiko aurrekontua izateko aukera ematen digu, beti ere, uste diren diru-sarreretara egokitua”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!