Iurretako Udalak 9.000 euroko diru poltsa lotu du aurten, herriko gazteei zuzendutako etxebizitza alokatzeko diru-laguntza deialdirako. Iurretan erroldatutako 18 urtetik 35 urtera arteko gazteek azaroaren 16tik abenduaren 22ra arte egin dezakete eskaria.
Gazteei euren emantzipazio prozesuan lagundu gura die udalak diru-laguntza horren bitartez. Era berean, Iurretan etxebizitza alokairuan hartzeko aukera sustatu gura du udalak gazteen artean. Diru-laguntzak etxebizitzaren hileko alokairuaren prezioaren erdiari egingo dio aurre, komunitateko eta etxebizitzaren eranskinetako gastuak kenduta. Gehienez ere, hilabete bakoitzeko, 250 euroko laguntza emango zaio eskatzaile bakoitzari.
Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) hartu daitezke eskaera orriak, udal arduradunek azaldu dutenez.