Adinean aurrera egin ahala, apaldu egiten da irabazteko gosea?
Ez, lehengoei zein oraingoei, denei irabazi gura izaten diet. Gazteek esaten dute: “Lebeitiri irabazi behar diot”. Eta nik: “A bai? Ba, ikusiko duzu nor naizen!”. Gazteak gogor datoz, baina ez dizkiet gauzak erraz jarriko.
Gazte horietako bat semea duzu: Santiago Erdoiza.
Bai, eta bera ere irrikan dago niri irabazteko. Orain arte beti irabazi diot, baina ni menderatzea dauka buruan. Nik ahal dudanean lagunduko diot, baina bolante baten aurrean esertzen zarenean… ez dago lagunik!
Semeak gaindituko du aita?
Gidatzeko duen abilidadeagatik baietz esango nuke, baina arlo ekonomikoagatik ezetz esan behar dut. Ilusioagaz dabil, baina diru asko behar da.
Mundu krudela da automobilismoarena. Beste hainbaten artean, hor daukagu Igor Urienen kasua ere.
Horixe adibide argi bat! Igor Urien futbolaria balitz, lehen mailako talde batean egongo litzateke, baina begira zer gertatu den. Espainia osoan zenbat lagun bizi dira honetatik? Hamar, asko jota. Talentuak badaude baina… Horregatik, eskerrak eman gura dizkiot Gaursari bere laguntzagatik.
61 urte dituzu. Erretiroa hartzea gura baino gehiagotan datorkizu burura?
Ez, ez. Autoak eta biok ehun urte betetzen ditugunean erretiratuko naizela esan izan dut. Nik 61 ditut, eta autoak 35. Beraz, 96 guztira. Urte bi geratzen zaizkit… [Pentsatzen geratu da] Baina, ez, urte gehiago izango dira (barreak). Oraindik gazte sentitzen naiz.
Renault 5 Turbo horia eta biak banaezinak zarete. Zer esan gura du auto horrek zuretzat?
Aurretik Simca eta Ford Escort bat izan nituen, baina Renault eta Gaursagaz lan egiten nuenez, nire ilusioa marka horretako kotxe bat izatea zen. Renault 5 Turboa nahiko merke erosi nuen. Niretzat amets bat betetzea izan zen, oso kotxe garestiak zirelako. Urteak joan ahala, handitu egin da bere balioa.
Orduan ametsa izan zen eskuratzeko gaitza zelako, baina, gaur egun, 25 urteko ibilbidearen ostean, beste esangura sakonago bat du zuretzat?
Ez pentsa, ni ez naiz hainbeste gauzagaz maitemintzen. Erretiratzen naizenean, dena saltzeko asmoa dut. Ez dakit zer egingo dudan, baina nire asmoa ezer ez gordetzea da. Nik milioi eta erdi pezeta ordaindu nuen, eta oraintsu 135.000 euro eskaini dizkidate autoarengatik. Espainia osoan lehiatzen ari den horrelako auto bakarra da.
Ezaugarri zehatzak ditu. Indar handia, motorea atzean, gurpil zabalak… Zergatik aukeratzen duzu kontrolatzeko hain gaitza den auto bat?
Andorran nirearen moduko beste auto bat dago. Haren jabeak esan zidan berri bat probatuko banu ez nukeela nirea berriro erabiliko. Horregatik ez dut besterik probatu gura. Carlos Sainz Espainiako azpitxapeldun geratu zen Renault 5 Turbo bategaz, eta asko irakatsi zion autoa izan zela esan zuen, eta gaur egungo gazte askok ezingo luketela kontrolatu. Behin Gorka Antxustegi gidaria autoan sartu, eta esan zidan: “Nik ez dut ausardiarik burdinazko kaxa honetan ehun metro ere egiteko”.
Aspaldiko urteetan mendi lasterketetan zabiltza, rallyesprintak alboratuta.
Bai, denbora kontuagatik da. Erosoagoa da. Lehiatu, bueltatu, autoa deskargatu, eta etxean.
Ia 30 urte daramatzazu lehian. Zein lorpenekin geratzen zara?
1997an mendi igoeren Euskadiko txapelketa irabazi nuen, maila absolutuan. Aitor Zabaletak dena irabazten zuen orduan bere barketagaz, baina Espainiako txapelketan ere bazebilen, ez zuen Euskadiko denetan parte hartu, eta neu geratu nintzen txapeldun. Azken lasterketa Azpeitian izan zen. Labaka eta bion artean zegoen txapela. Labaka Azpeitian bizi da, eta etxeko igoera zuen. Baina irabaztea lortu nuen. Une polita izan zen.
Labakari ez zion graziarik egingo bere etxean galdu izanak.
Ez, baina bera izan zen lehenengoa ni zoriontzen.
Aurrera begira, oraindik badago lortu gura zenukeen zerbait? Beste txapelketaren bat…
Gero eta auto indartsuagoak daude, eta gaitza da. Errealitatea onartu beharra dago. Nik nire buruagaz egiten dut konparazioa. Aurreko urteetako nire denborak aurtengoekin alderatzen ditut. Eta, orain arte, urterik urtera, aurreko aldietakoak berdindu edo hobetu egin izan ditut. Horixe da nire ilusioa, oraindik sasoian nagoela eta denborak irteten direla ikustea. Hori amaitzen den egunean…