Kaoutar Boulaid-ek neurria hartuta dio Iurretako Hiri Probari. Azkeneko hiru aldiak berak irabazi ditu (35.41). Sufritutako lorpena izan da aurtengoa. Elena Loyok garesti saldu zion garaipena atzo. Helmugan lau segundo besterik ez ziren izan bien artean. Paula Gonzalezek lagundu zien podiumean (35.49).
Gizonetan El Hassan Oubaddik azken urteetan bila zebilen garaipena lortu zuen (29.55). Jatorri marokiarra duen ermuarrak bigarren postu bana zituen 2014an eta 2015ean. Atzo irabaztea lortu zuen, nagusitasunez gainera. Orduerditik jaitsi zen bakarra izan zen eta ia minutu bateko aldea atera zion Fernando Carro madrildarrari (30.46). Ricardo Rosado (Badajoz) geratu zen hirugarren eta, Daniel Mateo, iazko irabazlea, laugarren.
Olano zornotzarra nagusi 5 km-tan
Bost kilometroko proba Iñigo Olano zornotzarrak irabazi zuen. Sabino Uruburu abadiñarra bosgarren geratu zen, Amine Haissouf zaldibartarra seigarren eta Luis Fuentes durangarra zortzigarren.