1980an sortu zenuten Iurretako Hiri Proba. Zelan gogoratzen dituzu lehen aldi haiek?
Iurretarentzat erakargarria zen zerbait antolatu gura genuen. Orduan, oraindik Durangoko parte zen. Lehenengo aldiak kadete mailara arte izan ziren, eta gero beteranoak gehitu genituen. Gerora etorri zen senior maila.
Antolakuntza aldetik, erronka bat zen?
Bai. Betidanik gustatu izan zait krosa, eta mundu horretako jendea ezagutzeko aukera eskaini dit. Behin Martin Fizegaz berba egin eta bere laguntza eskaini zigun. Bere lagun batzuekin batera proba lehiatzera etorri zen. Probak gerora lortu zuen ospearen hasiera izan zen. Munduko txapeldunak eta azpitxapeldunak etorri izan dira: Abel Anton…
Orain korrika egitea modan dago, baina orduan ez zen hain kirol zabaldua izango.
Ez ba! Hain zuzen, sasoi hartan Durangaldeko hainbat herritako ikastetxeak batu eta eskualdeko egutegi bat sortu genuen. Herri bakoitzak bere lasterketa zuen: Berriz, Zaldibar, Ermua, Abadiño… egutegi horretako onenak zuzenean sailkatzen ziren Bizkaiko txapelketara. Ia beste inon baino atleta gehiago eramaten genituen Bizkaikora.
Makina bat kontu kurioso gertatuko zitzaizkizuen.
Bai, horraitio! Eskolako lasterketa antolatzen genuenean, salda beroa ematen genien bertaratzen zirenei. Behin kide bat oilo bat ekartzetotan geratu zen, salda egiteko. Bagenekien gautxori samarra zena, baina… tira, horretan geratu ginen. Salda arratsaldean egiteko asmoa genuen, biharamun goizerako prest izateko. Heldu zen arratsaldea, baina bera agertu ez! Iurretako Bodeguillara jaitsi eta urdaiazpiko hezurrak eman zizkiguten. Ortutik porruak hartu eta salda egin genuen. Biharamunean, salda banatzen geundela etorri zen laguna. Oiloa bizirik zekarren kotxean.
25 urtez proba antolatzen ibili ostean, nekea izan zen uzteko faktore nagusia?
Bai. 60 urte egitera nindoan, jubilatu egin gura nuen eta ez nuen aurkitu erreleboa hartuko zuenik. Lasterketa antolatzeaz gain, gaztetxoak ere entrenatu nituen 16 urtez. Nekagarria zen eta utzi egin nuen.
Uzteko erabakia hartzea gogorra egin zitzaizun?
Pena eman zidan, baina akituta nengoen. Proba amaitzen zenean gaixotuta moduan eta indarrik barik egoten nintzen, estresaren ondorioz. Baina, oro har, pozak handiagoak izan dira: ezagutzen duzun jendea, lasterketa ondo irten izanak ematen duen poza… Horiek sentsazio itzelak dira. Orduan elkartean zeuden denei eskerrak eman gura dizkiet. Eurak barik ezinezkoa izango zen. Lan itzela egin zuten denek. Hor dago arrakastaren gakoa.
Gaur egun, zelan jarraitzen duzu proba?
Ikustea gustatzen zait. Iazko aldia oso ondo egon zen. Apur bat amorratzen nauena eta sarritan esan diedana da ez dezatela ibilbidea herritik kanpora atera. Ikusleek, gozatzeko, ikusi egin behar dute.
Gaztetan lasterketa askotan parte hartu duzu?
Gutxitan. Atletismoa betidanik gustatu izan zait, baina lasterketa gutxitan parte hartu dut. Batez ere neure kontura ibili naiz korrika. Umetan kilometroak eta kilometroak egiten nituen uztai-jolasagaz. Orain imajinatzea ere gaitza da zelan ibiltzen nintzen hara eta hona. Hortik datorkit afizioa. Krosak ikustea ere asko gustatzen zait.
Zure ondorengoek afizioari eutsi diote?
Bai. Iloba Ixonek gaztetxoen mailako proba irabazi zuen iaz, Iurretan. Bere ama Euskadiko txapelduna izan da, eta aitak 1.500 metrotan Espainiako txapelketara joateko markak egin ditu.