Aldekoa: “Gure zaleak izugarriak dira; beraiei esker lortu ditugu garaipen asko”

Maialen Zuazubiskar 2017ko api. 10a, 09:30

Denboraldia amaitzeko bi partiduren faltan, sailkapen nagusian laugarren postuan daude Tabirakoko neskak. Mirari Aldekoak ondo ikusten du taldea, eta final four-a irabazteko moduan daudela adierazi du.

Tabirako Baque taldean gazteenetariko bat zaren arren, urte dezente daramatzazu saskibaloiaren munduan.
Bizitza erdi baino gehiago daramat saskibaloian jokatzen.  Gaztetan eskolan multikirolak izaten genituen. Garai hartan hasi nintzen saskibaloia probatzen. Gustatu, eta hamahiru bat urtez kantxetan nabil, jokatzen.

Ordura arte, kirol arrotza zen zuretzat saskibaloia?
Gure etxean futbolerako afizio izugarria zegoen. Ni saskibaloian hasi nintzen arte, gurean futbolaz bakarrik aritzen ginen. Orain, berriz, etxeko guztiak zaletu dira saskibaloira.  

Ama taldeko zuzendaritzan duzu.
Bai, saskibaloian hasi nintzenean amari kirol hau gustatzen hasi zitzaion, eta egun Tabirakoko zuzendaritzaren parte da. Oraindik saskibaloiaren inguruko gauza batzuk ulertzen ez dituen arren, kirol honen xarmak kutsatu duela esan daiteke.

Zu zerk erakarri zintuen saskibaloitik?
Sortzen den giroak, agian. Esaterako, guk Tabirakon giro oso ona daukagu, familia handi bat gara, eta gustura egotea ezinbestekoa da kirol batean aritzeko. Hala ere, aitortu behar dut Juanjo Moreno jesuita izan zela saskibaloiaren munduan sartu ninduen pertsona. Bera Espainiako selekzioagaz jokatutakoa da, eta berari esker nago orain nagoen tokian.

Aurten kalitatezko pauso bat eman, eta taldeko jokalari garrantzitsuenetariko bat bihurtu zara.
Urte askotako lanaren fruitua dela esango nuke. Lehen taldera pausoa eman nuenean, kostatu zitzaidan nire lekua aurkitzea. Baina, urteetan gogor lan eginda, eta txarto egiten nituen gauzak hobetuta, pauso bat aurrera ematea lortu dut.

Azken bi partiduak galdu dituzuen arren, sailkapen nagusian laugarren postuan zaudete. Nola ikusten duzu taldea?
Taldea ondo dago, baina, azken  partidua galduta, denboraldia bigarren postuan bukatzeko aukera galdu dugu, eta horregaz batera, final four-a etxean jokatzeko aukera ere bai.

Beraz, iaz ez bezala, aurten ezingo duzue final four-a etxean jokatu.
Matematikoki oraindik aukeraren bat badagoen arren, zail dago bigarren postuan bukatzea. Gure ametsetako bat iaz kiroldegian bizitakoa errepikatzea zen. Izugarria izan zen, etxean, gure afizioaren aurrean jokatu eta garaipena eskuratzea. Oraindik ere, oilo-ipurdia jartzen zait.  

Nolako zaleak ditu Tabirakok?
Taldeak zale oso onak ditu. Gainera, gero eta gehiago gara. Tabirakoko zaleak izugarriak dira; garaipen asko beraiei esker lortu ditugu. Beraiek ematen diguten indarra ikarragarria da, eta oso harro gaude eurekin.

Liga bukatzeko bi partidu gelditzen zaizkizue. Zein da zuen helburua?
Azken esprinta gelditzen zaigu, eta gelditzen zaizkigun partidu biak irabazi, eta azken bi partiduetako aho zapore txarra kentzeko ordua iritsi zaigula uste dut. Tabirakoko zaleen laguntzagaz eta gogor entrenatuta denboraldia ondo amaitzeko aukera daukagula uste dut.

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Taldea oso ondo ikusten dut, jokalari onak daude eta oraindik hobetzeko asko daukagu. Gainera, horretan laguntzeko, entrenatzaile bikaina daukagu, Jesus De Vicente. Bere laguntzagaz eta taldean daukagun gogoagaz Tabirako-Baquek mailaz igo dezakeela uste dut.

Beraz, mailaz igotzeko aukerak ikusten dituzu?
Bai. Ez dakit hori aurten izan daitekeen, edo datorren denboraldian, baina aukerak baditugu. Denboraldiz denboraldi hobetzen goaz eta taldea azken denboraldietan onenen artean dabil. Beraz, lortu daiteke. Gainera, gure zaleek merezi dute Tabirakok mailaz igotzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!