Euskal ezkontza ospatuko dute Oromiñon, apirilean

Aitziber Basauri 2017ko api. 4a, 12:50

Euskal ezkontza egingo dute Oromiñon, laugarrenez. Joan zen mende hasierako ezkontza ekarriko dute gogora, aurten, San Marko jaien barruan. Apirilaren 30erako egin dute hitzordua, eta Iurretako Mikel Deuna dantza taldeak ere parte hartuko du, Gorulari eskainiz.

1900. urte inguruko jatorrizko ezkontza hitzarmena ekarriko dute gogora, Oromiñoko etxalde batekoa, eta parte hartzera deitu dute. “Oromiño, Iurreta zein inguruko herritarrei zabaldutako deia da”, antolatzaileen berbetan. Apirilaren 12ra arte eman daiteke izena, 687 229 282 telefono zenbakira deituta. 2002an hasi ziren Euskal ezkontza ospatzen, eta bost urterik behin egiten dute, ehun bat lagun batuz. “Baserri ingurua da gurea, baserriko tresnei balioa eman gura diegu, eta garrantzi berezia ematen diegu  apaingarriei. Dena den, jendeak parte hartzea gura dugu. Gainera, inguru paregabea dugu horretarako”. Gurdia ezik, beste tresna eta apaingarriak auzokoek utzitakoak dira, “eta mimo handiz zaintzen ditugu”, adierazi dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!