EH Bilduk herriguneko trafikoa aldatu nahi du

Aitziber Basauri 2017ko api. 3a, 09:04

Iurretako herrigunean bi kale daude trafikoari itxita domeka eta jaiegunetan. Zenbait herritarren eskaerei erantzunez erabaki zuen hori Iurretako Udalak. Gerora, Askondo kalearen noranzko bat ere itxi dute ibilgailuentzat. Orain, EH Bilduk proposatu du Bixente Kapanaga kalea —Amilburu plazatik Askondoko biribilgunera— bariku arratsaldetan eta jaiegun bezperatan ere ixtea trafikoari.

EH Bilduko ordezkariek azaldu dutenez, “hasieran aldaketa hauetara ohitzea kosta bazitzaigun ere, dagoeneko gehienok begi onez ikusten ditugu. Izan ere, kaleak trafikoari ixtearen eta jendeari herrigunean ibiltzeko askatasuna ematearen alde gaude. Horrela, herrigunea askoz atseginagoa eta ibiltzeko errazagoa dela uste dugu”.  Gaineratu dutenez, “domeka eta jaiegunetan baino, bariku eta zapatu arratsaldetan ibiltzen da jende gehien”. Hainbat herritarren eskaria batu gura izan dute proposamenean, esan dutenez.

Itxita geratzen diren kaleetako bizilagunei, derrigorrezko kasu batean kalea ireki behar izateko egin beharrekoei buruzko informazioa helaraztea ere proposatu du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!