Hiru egunetan oso erregularra izan zen, eta podiumeko postuetan mantendu zen. Bigarren etapa egin zitzaion gogorrena. Denetan luzeena zen (70 km), aurreko eguneko esfortzutik errekuperatzea kosta egin zitzaion, eta berak gura baino bero handiagoa egin zuen. “Gainera, ibilbidea apur bat moldatu zuten, harri arteko igoera batzuk gehituz. Egia esanda, etapa horretan iaz baino gehiago sufritu nuen”, azaldu du korrikalariak. Hala ere, etapa amaierako balorazioa esperantzagarria zen: 42 minutu kentzen zizkion sailkapeneko hurrengoari. Horrela, azken etapan indarrak neurtzeko modua izan zuen. “Amaituta pozik nengoen arren, buruan beti darabilzu aurreko urtekoa hobetzea, eta alde horretatik ezin dut gehiago eskatu”, argitu du.
Iaz legez, Muniain ez zen bakarrik joan proba horretara. Durangotik eta Iurretatik bertaratu zen lagun taldea Jose Aguilerak, Ander Espinek, Alberto Garciak, Jose Virgilio Angulok, Ireder Angulok eta Eneko Barroetak osatu zuten.
Betidanik korrika
Urtean zehar lasterketa gutxi batzuk lehiatzen ditu Muniainek. Gorputzak eskatzen eta bestelako zereginek ahalbidetzen dioten heinean, han eta hemen parte hartzen ahalegintzen da. Hurrengo hitzordua ekaineko EH Mendi Erronka proba (65 km) izango du, Leitzan.
Maiztasun gutxiagoagaz edo handiagoagaz, korrikalaria izan da umetatik. Txikitan Bidezabal atletismo taldean aritu zen. Ondoren, duatloiak ere probatu zituen Mugarra Triatloi Taldeagaz.