Daniel Mateo eta Kaoutar Boulaid irabazle Iurretako Hiri Proban

Anboto 2016ko api. 10a, 14:54
Daniel Mateo eta Koular Boulaid aurtengo irabazleak

Boulaid-ek bigarren urtez jarraian irabazi du emakumeetan. Mateok Euskal Herrian irabazten duen lehenengo txapela da: “Ilusio berezia egiten dit”.

Eguraldia lagun, giro polita egon da Iurretan. 10 kilometroko lasterketa nagusia Daniel Mateo soriarrak eta Kaoutar Boulaid marokoarrak irabazi dute. Boulaid-ek bigarren urtez jarraian irabazi du Iurretako Hiri Proba. “Maila handiko” korrikalarien artean garaipena errepikatzea “oso pozgarria” dela adierazi du marokoarrak. Azken 400 metroetan eroso jo du eta bakarrik helmugaratu da.

Daniel Mateorentzat garaipen berezia izan da: lehenengoz irabazi du Euskal Herriko lasterketa batean: “Ilusio berezia egiten dit azkenean Euskal Herrian irabaztea lortu izanak. Hona etorri izan naizetan junior eta gazte mailetako probetan lehiatzera izan da, Elgoibarko eta Zornotzako krosetan esaterako, eta jakina, horietan maila ikaragarria dago. Iurretan laugarren aldia nuen. Beti podiumean egon izan naiz, baina salto horixe falta. Beraz, oso pozik nago”. Bere ibilbideko lehen txapela du: “Beharbada euskaldunok ohituta zaudete irabazleak txapela jantzita ikustera, baina berez oso garaikur berezia da eta ilusio handia egiten dit irabazteak. Ni herri txiki batekoa naiz eta nire aititak beti txapela jantzita ikustera ohituta… orain neuk ere badaukat neurea!”.

Lasterketan behetik gora egin du. “Ez dakit zergatik baina hasieran oso txarto nengoen, nekatuta”, onartu du. Baina kilometroak aurrera egin ahala “gero eta hobeto aurkitu naiz”. Seigarren kilometrotik aurrera Jesus Espadak eta biek ihes egin dute eta erreleboka aritu dira. Kilometro biren faltan, Espada igoera batean sufritzen ari zela ikusita, erritmoa bizitu du eta orduan hartutako aldetxoa nahikoa izan da proba irabazteko:

Iazkoa baino lasterketa geldoagoa izan da eta ez dute markarik hobetu. Bidezabal atletismo taldeak antolatzen duen Iurretako Hiri Probako markarik onenak iaz Carlos Alonsok (29.28) eta Boulaid-ek (34.09) ezarritakoak dira.

 

EMAKUMEEN PODIUMA

1- Koutar Boulaid………………… 35.07

2- Elena Hoyo…………………… 35.13

3- Jacqueline Martin…………….. 35.21

 

GIZONEN PODIUMA

1- Daniel Mateo…………………… 30.15

2- Jesus Espada………………… 30.18

3- Hamid Ben Daoud……………. 30.33

 

Podiumeko argazkiak, mailaz maila:

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!