Bidegorri batzuen egoera hobetuko dute

Anboto 2015ko aza. 11a, 13:27
Jarlekuak eta zaborrontziak jartzen hasita daude.

Zenbait hobekuntza egingo ditu Iurretako udalak Mallabiena eta Arandiako bidegorrietan, “seguruago eta erakargarriago” bihurtzeko. Irisgarritasuna ere hobetu gura dute. Hasita daude lanak.

Hartara, jarlekuak, zakarrontziak eta iturriak ipiniko dituzte. Arandian, Padureta industrialdearen ondoan, zorua ere konpondu dute. Hala azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Datozen asteetan amaituta egongo diren lanotarako, 12.000 euroko aurrekontua izan dute.

"Bidegorri sare zabala"

Aita San Migel plazatik hasita eta herriko auzoetatik zehar doan "bidegorri sare zabala" du Iurretak.Auzoen izena hartzen duten hiru bidegorri daude: Arandia, Santa Apolonia eta Mallabiena. Udal arduradunek helarazitako oharrean argitu duten moduan, gehienetan, asfalto edo betoizko zoruak eta seinaleak dituzte bidegorriek. Horrezaz gainera, ariketa guneak daude bai Mallabienan bai Beresin. Umeentzako jolasgunea eta aisialdi gunea ere badago Beresin.

Totorikaguenak nabarmendu duenez, "helburua bide osasungarri hauen hornidura hobetzea da; horrela, irisgarritasun handiagoa izango dute, eta, erakargarriagoak eta seguruagoak izango dira".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!