Irene Sarrionandia: "Ibilaldi zein korrikalditxoak egingo ditut gorputzak eutsi arte"

Anboto 2015ko abu. 30a, 10:00

Zegama-Aizkorri 53 urte zituela egin zuen lehenengoz Irene Sarrionandiak, 2001ean. Oromiñoko Zugazagoitia baserrikoa da, Deban (Gipuzkoa) bizi den arren azken 40 urteetan. Camille Extrem du lasterketa gustukoena.


Harrituta begiratuko zaituzte askok mendian gora...
Baten batzuek bai! Azpeitian, behin, maratoi erdia bukatu ostean, emakume batek goitik behera begiratu ninduen, eta ondo nengoen galdetu zidan, ea hezurrak... Hezurrak bere tokian nituela esan nion. Hark zuen harridura aurpegia!

Noiztik mendi lasterketetan?
Zegama-Aizkorri izan zen egin nuen lehenengoa, 2001n. Aurretik beste lasterketa batzuetan ibilia nintzen, baina asfaltoan.

Zegama-Aizkorri egiteko beldur izan zinen...
Bai. Senarrak eta nebak animatu ninduten. Gero, hamaika urtez egin dut; 6 ordu eta 18 minutu dut denborarik onena. Denbora horren bueltan ibili naiz beti. Hamargarrenez egin, eta uztea zen asmoa, baina oso eguraldi eskasa egin zuen, eta 7 ordu eta erdian amaitu nuen. Orduan, hamaikagarren aldiz egitea erabaki nuen. Azkena. Presioa handia zen.

Zenbat urte korrika hasi zinela?
Alaba gazteena jaio orduko hasi nintzen, eta 33 urte ditu. Suabe-suabe hasi nintzen lagunekin lau bat kilometro eginez, hurrengoan bost... Beste intentziorik gabe, zerbait egitearren.

Gustua hartu zenion.
Senarra eta beste bi-hiru lagun astean bizpahiru aldiz irteten ginen korrika. Behobia-Donostia etorri zen gero; baita Deban antolatzen zen beste lasterketa bat ere. Asmoa parte hartzea baino ez zen. Gizonen mundua izan da beti hau, gehiago direla onartu behar da. Euren artean pixka bat eutsi diot.

Andrea izatea eta adina gainditu beharreko trabak izan dira?
Ez. Gazterik hasiz gero ere, seme-alabak izanez gero zaila izaten da. Alabagaz ikusten dut. Ez dauka nik beste denbora. Alaba nagusia apur bat hazita nuela, eta senarragaz txandakatuz, korrika egiteko aukera izan dut. Lana ere txarra ez: irakaslea izan naiz. Ez dut trabarik izan, oso ondo moldatu naiz.

Camille Extremen ere ibili zara. Ahozabalik uzten dituzu asko.
Sortu zenetik parte hartu dut, bai; hamaika urte dira dagoeneko. Collaradako kilometro bertikal bikoitza ere egin nuen uztailean, eta gustura amaitu nuen. Orduan ere, begiratu eta zimurrak ikusita, goraino igo ote nintzen galdetu zidaten. Gustura ibili naiz, eta ondo banago, jarraitzeko asmoa dut.

Gurago mendia asfaltoa baino?
Gorputzarentzat monotonoagoa da asfaltoa, pausoa beti da bera. Nekosoa ere bada. Mendia politagoa da; ez zara aspertuko. Harriak, zuloak, lur gogor zein biguna, lokatza, labankadak... Pirinioetan bost ordu egin zenitzake, baina egin bost ordu asfaltoan! Urteak aurrera joanda ere, mendia esker onekoagoa da. Gainera, mendizalea naiz.

Mendi lasterketak mendia barik atletismoa direla diote batzuek.
Bai, koinatua dut horren adibide. Urtetan gorrotatu izan ditu mendian korrika ibilitakoak. Mendira disfrutatzera joan behar dela esan du beti. Baina orain bera hasi da arineketan, eta oso gustura dabil! Txikiziorik egin ezean, dena zegoen moduan utzita uste dut biak egin daitezkeela. Nik ere jarraitzen dut mendira joaten oinezean.

Zein proba duzu gustukoen?
Camille Extrem. Collaradakoa ere gustatzen zait. Zegama-Aizkorri polita da, baina gogorra ere bai, eta estresa sortzen zidan... Anboto bertikala ere egin dut hiru bat bider, baina lehertzekoak diren horrelako lasterketak gazteentzat dira.

Noizko nahiko da?
Denak helmugara heldu ostean,  ez dut gura ordu erdira ailegatu. Orduan esango dut nahiko da! Baina ibilaldi eta korrikalditxoak egiten jarraituko dut gorputzak eutsi artean, 70 urte, 80..

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!