Maspe kalera ere zabalduko dute zonalde laranja

Anboto 2015ko ots. 26a, 12:04

Maspen etxebizitzen aldean dauden aparkalekuak iurretarrentzat gordetzea erabaki du Iurretako Udalak. Berrogeita hamar plaza inguru izango dira, eta zama-lanetarako  bi gune ipiniko dituzte bertan. Atzo, osoko bilkuran onartu zuten ordenantza aldatzea. Maiatzaren hasierarako aurreikusi dituzte aldaketak, alegazio epearen ostean.


Lau hile dira aparkalekuen ordenamendu berria ezarri zutenetik, eta aldaketetara zabalik dagoela nabarmendu zuen atzo Iñaki Totorikaguena alkateak: “premiak ikusi eta horietara egokituko gara”.  Maspe kaleko auzokideek sarri eskatu dute zonalde laranja euren kalera zabaltzea. Horregatik abstenitu da Bildu bozkaketan: “Beharrizan hori ez da berria, hasierako foroetan irten zen eta arinago erantzun ahal zitzaion”.

Egoiliarren 300 txartel
Osoko bilkuraren biharamunean, gaur goizean, Totorikaguena alkateak aparkalekuen sistema berria baloratu du prentsaurrean.

Azarotik hona iurretarrek aparkalekurako 300 txartel atera dituzte. Zonalde urdinean, berriz, gehienez ordu eta erdi egoteko gunean, 200 tiket ateratzen dira egunean: “Gune hori indartu gura dugu, herriko merkataritzari onura egin ahal diolako”. Askondo kalearen itxiera ere ondo baloratu du alkateak: “Herrigunean autoari espazio hori irabazi diogu”. Laster hausnarketa zabalduko dute herrian, Askondoren erabilera indartzeko. Aterpe bat ipintzea aztertzen dabiltzala azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!