"Gazte askorentzat sare sozialak bizi duten guztia kontatzeko egunkari pertsonal baten modukoak dira"

Anboto 2015ko ots. 13a, 14:40

Ianire Estebanez psikologoak sare sozialen inguruko berbaldia eskainiko du bihar, eguaztena, 18:00etan, Iurretako Ibarretxe kultur etxean. Juan Orobiogoitia ikastetxeko guraso elkarteak antolatutako ekitaldian, gazteek sare sozialak zelan bizi dituzten aztertuko dute.Teknologia berriek komunikaziorako eta hezkuntzarako tresna interesgarriak sortu dituzte. Era berean, sare sozialek bizitza paralelo bat sortu dute. Gazteek une oro eta egunero erabiltzen dituzte Whatsapp, Instagram, Twitter eta Facebook, adibidez. Komunikatzeko erraztasun horrek, kontrolerako eta jazarpenerako espazioak zabaldu ditu. Ianire Estebanez psikologoak gazteen eta sare sozialen inguruan jardungo du Iurretako Orobiogoitia ikastetxean, eta Durangoko Kurutziaga ikastola ere bisitatuko du.



Zer ikuspuntutatik landuko dituzu sare sozialak Durangaldeko ikastetxeetan?
Familiekin eta irakasleekin hausnartuko dugu gazteek alde emozionaletik teknologia berriak zelan erabiltzen dituzten. Formazio saio asko arrisku digitalei buruzkoak izaten dira, baina sare sozialen eta teknologia berrien erabilerak gure bizitza pertsonaletan duen eraginaz berba egin nahiko nuke oraingoan. Gazteei dagokienez, ostera, mugikorrei lotuta egoteak sortzen dituen arazoei buruz berba egingo dugu.

Zer lotura dago sare sozialen eta hezkuntza emozionalaren artean?
Sare sozialetan ez gara datuak eta argazkiak bakarrik. Gure historia, bizipenak eta sentimenduak ere agertzen dira bertan; beraz, batzuetan, konturatu barik, bizi ditugun arazo asko sare sozialetan sortu daitezke. Ikusi ditugun eta espero ez genituen iruzkinek, desilusioek, frustrazioek, ezusteko topaketek, hausturek eta irainek eragina izan dezakete gure bizitzetan. Zentzu horretan, garrantzitsua da emozionalki ondo kudeatzea sare sozialetan jartzen ditugun ilusioak eta perspektibak.

Gazteek zein hartu-eman dute sare sozialetan?
Berehalakotasun handiagaz eta euren bizitza errealagaz banaketarik egin barik ibitzen dira sare sozialetan. Beraz, pentsatu, ezagutu, berba egin, sentitu eta bizitzeko euskarri gisa ikusten dituzte. Une oro konektatuta egoteak elkarrizketa ugari izatea errazten du, baina, era berean, sare sozialetatik deskonektatzeko arazoak ekartzen dituenez, dena kontatzen dute bertan, ondorioei erreparatu gabe. Gazte askorentzat sare sozialak haien bizipen guztiak kontatzeko egunkari pertsonalak dira. Idatzi gura dutenaz pentsatu beharrean, filtrorik gabe idazten dute; adibidez, momentu zirraragarrien inguruan hitz egiten dute, eta, askotan, kontraesanak plazaratzen dituzte. Gainera, sare sozialetan gure buruari buruzko irudi bat eman gura dugu, eta hor itxurakerian sartu gaitezke, edo besteei gustatzen zaien hori irudikatu dezakegu. Besteen onespena bilatzea nerabezaroaren ezaugarri bat da. Gustuko eta onartuak izan gura dugu, eta hori bilatzen dute sare sozialen bidez. Horregatik, batzuetan eredu sexistak irudikatzen dira, eta horiek ez dira beti aniztasunaren onarpenagaz bat etortzen.

Guraso eta irakasleak prest daude errealitate berri honi aurre egiteko?
Uste dut guraso askok beldurrez ikusten dutela haien seme-alabak mugikorrera engantxatuta bizi direla, eta ez dakite egoera hori zelan aldatu. Beste batzuek, aldiz, uste dute seme-alabek teknologiak kontrolatzen dituztela, eta ez dutela ezer haiei irakasteko. Ez dira konturatzen, belaunaldi digitalean jaiotako gazteek teknika bera gurasoek baino hobeto menperatzen duten arren, oraindik asko dutela ikasteko bizitzan sare sozialek izan ditzaketen ondorioen inguruan. Ikastetxeetan teknologia berrien gaia kontraesanekin bizi dute. Alde batetik, hezkuntzarako tresna ezin hobeak izan daitezke. Baina, beste alde batetik, ikasleen kontzentrazioan eragiten dutela konturatzen dira. Gure gizarteak asko du ikasteko gai honen inguruan.

Gazteen artean zer arazo sortzen da sare sozialen inguruan?
Sarritan gertatzen dira irainak, jazarpenak, arazoak eta interpretazio okerrak. Hainbatetan ez dakite jasotzen duten informazio guztia kudeatzen. Erraztasun handiz egiten dute bat pertsona ezezagunekin edo askorik ezagutzen ez dutenekin, arrisku sentsazio barik. Horrek, berez, ez du zertan txarra izan. Jazarpena sufritzea, aldiz, txarra da, eta ikusten gabiltza neska gazte askok egoera horiek normaltasunez bizi dituztela. Sexu jazarpenari buruz nabil hitz egiten, batez ere; txutxu-mutxuei eta fama txarra zabaltzeari buruz. Zentzu horretan, moral bikoitz arriskutsu bat nabari da. Gainera, gazteen ustez, normala da zeloak izatea eta bikotea kontrolatzea. Ondorioz, errespeturik, askatasun indibidualik eta berdintasunik ez duten bikote harreman itogarri eta toxikoak sortzen dira.

Zelako indarkeria egoerak dituzte bikote harremanetan? Zelan antzeman daitezke?
Harremanaren hasieran indarkeria leunagoa izaten da. Xantaia emozionalagaz bikotea bakartzen dute, eta bere lagunen ingurua uztea eragiten diote. Bikoteak bere kidearen mugimenduak kontrolatzen ditu, zer egin dezakeen eta zer ez esaten dio, eta, berak nahi duena egiten ez badu, utzi egingo duela esanez mehatxatzen du. Indarkeria mota hori detektatzeko, barkatu egiten diren gauza txikiak indarkeriagaz lotu daitezkeela konturatzea baizik ez dago.  

Gazteak badaki indarkeria sufritzen dabilela?
Sarritan, indarkeria psikologikoa hazi egiten denean, logikak esango luke errazago nabaritu beharko litzatekeela. Baina gazteak maitasunaren inguruko mito eta idealen eraginpean egoten dira. Ematen du maitasuna zailtasunagaz eta tragediagaz lotuta dagoela. Maitasunarengatik pertsonak aldatu egiten direla saltzen digute, saiatzen jarraitu behar dugula eta, beharrezkoa bada, horren alde bizia eman behar dugula. Neska gazteei zuzendutako eredu kulturalean,  filmetan, aldizkarietan eta musikan esate baterako, nabaritu daiteke muga gabeko maitasun bat existitzen dela. Sarritan jarrera erasokor eta bortitzak amodioaren eta pasioaren erakusgarri direla pentsatzen dute.

Neskak besteen gustuko izan daitezen hezten dira oraindik?
Txikitatik, umetatik, neskak besteak zaintzera, besteak ulertzera eta beraien edertasuna zaintzera zuzentzen dira. Elementu horiek ez dute zertan txarrak izan, beti ere, hori egin ahal izateko eta besteak maitatzeko ez baduzu zer edo zer utzi behar. Neskak osatuko dituen bikote bat bilatzeko bidean ere hezten dira, eta bikotea ez dutenak deskalifikatu egiten dira, balio gutxiago balute bezala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!