Eñaut Aiartzaguena: "Nire lana jendarteratzen asko lagundu dit finantzaketa kolektibo bidezko kanpainak"

Anboto 2014ko urr. 22a, 11:07

Komikiak argitaratzen jarraitzeko kanpaina abiarazi du Eñaut Aiartzaguena Bravok ‘www.irribarrez.info’ webgunean. Egunero zinta bat argitaratzen du komikigile iurretarrak.

Zein izan da Irribarrez izeneko proiektuaren hasiera?
Apirilean hasi zen dena. Nire lehengusuak politikari batzuen karikaturak egitea eskatu zidan, berak egin behar zuen lan batean laguntzeko. Urkulluren marrazkia egitea oso konplikatua egin zitzaidan, eta, horretan nengoela, gogoratu nuen Zaldieroa Berriako marrazkilariak arazo berbera eduki zuela. Aitzakia horregaz solasaldi bat izan genuen Twitterren Zaldieroak, lehengusuak eta nik, eta hainbat komiki zirriborro trukatzen hasi ginen. Horrela sortu zitzaidan harra.

Egunero komiki zinta bat sortzeko lanari ekin zenion orduan?
Bai, Europako hauteskundeak etorri ziren maiatzean, eta selektibitatea, eta udalekuko lana... Neuretzat, eta ingurukoei barretxo bat atera guran, jarraitu nuen margotzen. Orduan proposatu nion neure buruari: “Ia kapaza naizen egunero zinta bat egiteko!”. Astelehenetik domekara, egunero-egunero tira bat egiten hasi nintzen. Ondoren, lagunartean egiten nituen lanak WhatsApp bidez zabaltzen hasi nintzen... Sasoi horretan sententzia baten esperoan ere bageunden ni eta beste hainbat lagun, eta komikigintzaren istorio hau izan zen hortik arreta kentzeko modua.

Udan atseden hartu zenuen, eta irailean ekin zenion berriro.
Bai. Atseden hartzeko beharra nuen udan. Ondoren, absoluzio-epaiaren berri izan genuenean, pentsatu nuen orain arriskatu ezean, gero eta zailagoa egingo zitzaidala pausoa ematea. Gustura sentitzen naizen lan honetan murgiltzea erabaki nuen: www.irribarrez.info webgunea eta sare sozialetako profilak zabaldu nituen. Denetan bistaratzen ditut eguneroko zintak. Beste lan batzuetarako denborarik uzten ez zidan zeregin honi nire denbora eskaintzeko, lana zelanbait errentagarri bihurtu behar nuela ohartu nintzen. Horregatik erabaki nuen www.karena.eu webguneko finantzaketa kolektibo bidezko sistema baliatzea.

Eskatu duzuna baino bi aldiz diru gehiago lortu duzu.
Bai, 500 euro biltzeko helburuz abiatu nuen kanpaina. Eskatutako dirua bi egunetan eskuratua genuen, eta oso pozgarria da ikustea jendeak laguntzen jarraitzen duela. Hasieran ingurukoek ere ez zuten proiektuan gehiegi sinesten, eta neuri ere zalantza sortzen zidan, baina saiatzea erabaki nuen. Nire lana jendarteratzen ere asko lagundu dit finantzaketa kolektibo bidezko kanpaina honek.

Apiriletik asko findu duzu sorkuntza prozesua?
Hasieran pertsonaiak banan-banan egin, eta ordenagailuagaz osatzen nituen binetak. Baina zerbait naturalagoa nahi nuen, eta zinta osoa, konposizio osoa, eskuz marrazten hasi nintzen. Gero, marrazkietan itzalak ere sartzen hasi nintzen. Gai konkretu batzuen inguruan jarduteko, nire pertsonaia finkoak sortzen ere joan gura dut: jentilen saila horrela sortu dut.

Zelakoa da eguneroko zinta hori sortzeko prozesua?
Normalean, iluntzean, etxera heltzen naizenean, koadernoa hartu, bineta markatu, eta zirriborroa egiten dut arkatzez. Hori errepasatu, eta, gustura banago, lasai joaten naiz ohera, badakidalako hurrengo eguneko 09:00etan argitaratuko dudala.

Idatzi ere egiten duzu. Noiz hasi zinen margotzen?
Txikitatik gustatu izan zait margotzea, baina neure burua ez dudanez graziosotzat, sekula ez dut pentsatu gai izango nintzenik honelako lanak egiteko. Barre algararik beharbada ez dute egingo, baina nire istorioekin jendeari egunero irribarretxo bat ateratzeko erronka ipini nion neure buruari. Horrela sortu zen irribarrez proiektua.

 

 

 

 

 

Irudi eta berba gutxigaz hoberen

Egunero komiki zinta bat sortu, eta www.irribarrez.info webgunean argitaratzeko bere buruagaz daukan konpromisotik haragoko lan karga sortu dio finantzaketa kolektibo bidezko  kanpainak Eñaut Aiartzaguena iurretarrari. Bestelako hainbat proposamen ere jaso ditu kanpaina abiatu zuenetik.

Politikari ezagunak bai, baina marrazkilariaren inguru hurbileko pertsonak ere agertu izan dira Aiartzaguenaren lanetan: Iurretako San Migel jaiei buruzko hainbat pasarteren protagonista izan dira bere lagun eta familiartekoak, esaterako, eta udalekuetako lankideak ere izan ditu inspirazio.
Gai batzuen inguruan umoretik aritzea zail egiten zaiola aitortu du Eñaut Aiartzaguenak, baina jarrera horretatik saiatzen dela gauzei begiratzen.

Ahalik eta irudi eta berba gutxienekin nahi izaten ditu adierazi ideiak, mezuak. Eskoziako erreferendumaren harira egin zuen zintagaz hori lortu zuela uste du; ardi larrua jantzita ezkutatutako otsoak alde egitea erokeria dela esan arren, ardi bat hesitik ausart ateratzen ari zela erakusten zuen irudiak: “Tira horregaz asko disfrutatu nuen”, dio Aiartzaguenak.

Bere komikiak komunikabideren batean argitaratzeko modurik ote zegoen pentsatu zuen hasiera batean Iurretako komikigileak. Baina hori oso zail ikusten zuenez, finantzazio kolektiboaren bidetik abiatu zen. Zain egon barik.

Marrazketa eta idazketa uztartu gura lituzke Aiartzaguenak etorkizunean: “Idatzitakoa neuk ilustratzea, esaterako”. “Baina ikusiko dugu ideia hori zertan gauzatzen den”, dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!