Kofradia Egunak 300 bat iurretar elkartuko ditu Laixiarren

Anboto 2014ko ira. 12a, 12:00

Iraileko bigarren domeka egun berezia izaten da iurretarrentzat. Herriko sei kofradiak batuko dira, eta urteko kontuen berri emango dute Kofradia Egunean. Iurretako kofradia guztietatik joandako jendea batzen dela aprobetxatuta, jai egun berezia izaten da: iurretar batzuentzat ez domeka bakarrik; izan ere,
jaiaren aitzakiaz kanpin-denda hartu, eta asteburua Laixiarren pasatzen dute hainbatek.


Eguerdiko 12:00etan hasiko dute egitaraua, mezagaz. Gero, kofradiek batzar nagusia egingo dute kontuen berri emateko. Basoen egoera ere hartuko dute ahotan. Bixente Narbaiza Kofradien Batzordeko presidenteak
azaldu duenez, “nahiko osasuntsu” daude basoak. Duela urte bi onddoek eta pinu-beldarrak pinu asko gaixotu zituzten, eta orain, entresakak eta produktu kimikoak bota eta gero “arazoa nahiko konponduta dago”.
Aurten Kofradien Batzordean 24 urte egin zituen Juan Duandikoetxea omenduko dute.


Bazkaria eta parranda
Batzarraren ostean Mikel Deuna dantza taldeak sanmigeletarako dantza entsegua egingo du, eta Iurretako bertsolariek saioa eskainiko dute. Bazkaritarako elkartuko dira gero. Urtero 250- 300 herritar batzen dira. Janaria etxetik eroaten dute eta edaria kofradiek ipiniko dute. Umeentzako jolasekin eta erromeriagaz
iluntzera arte egongo dira iurretarrak kodradia guztiena den Laixiar zelaian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!