Angel Basabe, Iurretako udal arkitektoa: "Hilerri baten proiektua egitean, alde emozionalak pisu handia du"

Anboto 2014ko ira. 12a, 09:45

Heriotzari buruzko gaietan espezializatutako ‘Adiós’ aldizkariak Espainia mailako hilerrien arteko lehiaketa antolatu du, eta kanposantu onenaren kategorian lehiatzen dabil Iurretakoa. Irailaren amaierara arte dago hilerri bati edo beste bati botoa emateko aukera, ‘www.revistaadios.es’ webgunean. Angel Basabe Iurretako udal arkitektoa da proiektuaren sortzailea. Komunikabideetan irakurri zuen Iurretako kanposantua lehiaketarako sailkatu zela. Pozik azaldu digu proiektua zertan datzan.



2008an hilerriaren obra martxan jarri baino lehen, zein zen Iurretako kanposantuaren egoera?
Iurretako desanexioagaz hasi zen dena. Iurretak hilerriko ekipamendu falta detektatu zuen, eta ondoko lursaila erosi zuen. Hilerria zabaldu beharra zegoen, geneukan espazioa optimizatuta. Aparkalekua ere beharrezkoa zen, eta nitxo ilara bat ere bai. Berdegune bat utzi zen bertan. Hasieran pasealeku bat egitea pentsatu zuen udalak, hilerri erromantikoak gogoratuz. Aurrekontu arazoak zirela-eta, berdegunearena bertan behera gelditu zen.

2008an egin zenuten hurrengo zabalkundea.
Hilerria beteta zegoela ikusi genuen, eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak obrak egitera bideratutako diru-laguntzagaz proiektu hau egiteko aukera izan genezakeela ikusi genuen.

Zein da egitasmo honen ideia nagusia?
Hilerri bat eraikitzeko proiektua ez da ohiko proiektua. Alde emozionalak pisu handia du, eta bereziki sentsibilizatuta zaude. Hasieratik Antonio Machadoren A un olmo seco poema etorri zitzaidan burura. Pertsona bat hiltzen denean hutsune bat uzten dizu, zauri bat, eta hortik abiatuta garatu nuen proiektua. Proiektu horrek lurperatze tradizionalagaz ere bat egin zuen. Lehenengo zabalkundea egin genuenean, jendeak esaten zuen aurretik hildakoak lurrazpian uzten zirela. Konturatzen bazara, ez dira nitxo ilara ordenatuak. Familia txikiak sortzen dira modu oso organiko eta aleatorioan. Zauri bat islatzen du.

Proiektua zertan datza?
Sarrera nagusitik sartzen bazara, hormak inklinatuta daude,  eta zauri horretara eramaten zaitu, bi espazio horietara.

Sinbologia handiko gunea sortu zenuen.
Zauria islatzeaz gainera, kanpoaldeko kolore berdeak esperantza irudikatzen du, eta zuriak, berriz, lasaitasuna, bertara joateko momentu ilun horien artean. Lurreko argiek elizetan pizten diren kandelak irudikatzen dituzte. Bere momentuan bizia izan zuten zumar enborrak hilda eta okertuta agertzen dira. Hilda, baina presente.

Zer-nolako obra izan zen?
Obra konplexua izan zen. Hormigoi zuriagaz lan egitea ez zen erraza izan, genuen aurrekontua aintzat hartuta. Material horregaz horma makurrak egitea ez zen erraza izan. Eraikitakoa lurrean mimetizatzen da, eta atzeko mendien profilen antza hartzen du. Nitxoek mendixkak dituzte gainean.
 
Etorkizuneko zabalkundeak aurreikusi dituzue?
Paseo zentralean hezurtegiak eraikitzeko aukera aurreikusi nuen. Nitxoetatik gorpuak ateratzerakoan hezurtegietan sartzen dira.

Zelan jaso duzue lehiaketari buruzko albistea?
Albistea egunkarian irakurtzerakoan ezagutu nuen, abuztuaren 10ean, eta 11n lanera etorri nintzen. Ekainaren 16an ebakuntza bat egin zidaten, eta hilabete eta erdian ez dut posta elektronikorik jaso. Bertan zegoen lehiaketaren jakinarazpena. Orduan hasi nintzen jendeari esaten bozkatu egin behar dela!

Lehiaketa irabaztea garrantzitsua izango da, baina jasotako esker ona ere bai.
Obra bat aintzatestea da. Gainera, gida batean agertuko denez, baten bat hilerria ikustera badator, Goiurira joan daiteke, bertako ikuspegia ikustera, eta herrian zehar ibili daiteke. Dena dela, esan nahi nuke obra guztietan zutabe garrantzitsu bi daudela. Arkitektoa bere proiektuagaz, sustatzailea eta eraikitzailea. Elkar ulertzen ez dutenean proiektuak kolokan egoten dira. Kasu honetan, udalak bere konfiantza guztia eman zidan. Ideia asko gustatu zitzaien, eta eraikitzaileak ere gauzak ondo egin zituen.  

Lehiaketa honek oihartzun handia izan du hedabideetan.
Harrituta nago komunikabideek adierazi duten interesarengatik. Izan ere, informazio asko kaleratu dute.  

Proiektuagaz gustura gelditu zinen?
Bere momentuan oso pozik gelditu nintzen. Planoak maitasun berezi bategaz egin nituen. Leku honetara badakizu tristuraz heltzen zarela, eta, beharbada, inguruak lagundu egin zaitzakela pentsatu nuen. Ez zait hilerri hotz bat iruditzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!