Iurretako kanposantua, hilerrien lehiaketa batean finalista

Anboto 2014ko ira. 1a, 13:15

Duela lau urte berrinauguratu zuten Iurretako hilerria, Angel Basabe udal arkitektoak egindako proiektuagaz. Heriotzaren gainean espezializatutako Adios aldizkariak Espainia mailako hilerrien lehiaketa antolatu du, eta kanposantu onenaren kategorian laugarren postuan dago une honetan Iurretakoa. Irailaren amaierara arte dago hilerrien artean botua emateko aukera.

 

Uztailean ipini zuen martxan lehiaketa Adios aldizkariak eta gaurko egunera arte, 542 boto jaso ditu Iurretako kanposantuak. Aldizkarira udaletxeek proposamenak bidali zituzten, eta adituek proposamenetatik aukeratutako hamar kanposantuek parte hartu dute lehiaketan.

Hiru kategoria ditu lehiaketak: Kanposantu onenaren saria, monumentu arkitektoniko onenaren saria eta eskultura onenaren saria. Lehiaketagaz hilerrietan dagoen arteari balioa eman gura dio Adios aldizkariak.

Iurretako hilerriaren zabalkuntzaren diseinuarii buruz, Angel Basabe arkitektoak "maite dugun norbaiten heriotzak eragiten digun hustasun sentsazioaren sinbolo" izan gura duela esan izan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!