Bizi berri bat XIX. mende amaieran Paristik Garaiko elizetara heldu zen harmoniumarentzat

Ekaitz Herrera 2024ko urt. 27a, 12:00
Iñigo Alberdi eta Antton Mari Aldekoa-Otalora Garaiko harmonium zaharberrituaren aurrean, San Anton egunean.

Tenplu kristauetako organo ikusgarrien inbidiarik barik, Garaik, bere txikian, badu elizkizunak girotu ahal izateko altxor txiki bat. XIX. mende amaierako harmoniuma da, tamaina txikikoa, sotila. Eta, adituen esanetan, oso kalitate onekoa.

Musika tresna isilik egon da azken urteotan, mutu. Baina Garaiko Udalak bultzaturiko zaharberritze lanen ondoren, San Anton egunean berriro ere atera zioten doinua. Meza hark irudi polita utzi zuen, erremataren aurreko elizkizun berean batu ziren-eta Antton Mari Aldekoa-Otalora, zaharberritu aurretik harmoniuma seguruenik azkenengoz jo zuena, eta Iñigo Alberdi, instrumentua zaharberritu eta gero San Anton eguneko mezan harmoniuma lehenengoz jo zuena. Biak ala biak pozarren zeuden esku artean musika tresna izanda. 

Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko kudeatzailea eta Musikeneko irakaslea da. Bere esanetan, XIX. mende amaieran egiten ziren harmoniumen artean "ohikoa" da Garaikoa. "Musika tresnak daukan serie zenbakiagaitik dakigu 1885ekoa edo 1886koa dela, Parisko Christophe & Ètienne etxeak eginikoa. Sasoi hura erromantizismoaren aroa zen eta une hartan frantziarrak izan ziren famatuenak harmoniumak zein organoak egiten", azaldu du Alberdik. "Harmoniuma txikia da, dotorea, erregistro bakarrekoa, baina oso kalitate onekoa. Gainera, oso aproposa da Garaiko elizek duten tamaina soinuz betetzeko", gaineratu du. Antton Mari Aldekoa-Otalora ere iritzi berekoa da: "Askotan diot besapean eramateko moduko harmoniuma dela. Txikia, baina elizkizunak betetzeko primerakoa". Aldekoa-Otalorak hamabi bat urte zituela ezagutu zuen Garaiko harmoniuma. Baina ez Elizabarrin, aurten San Anton eguneko mezan ikusi eta entzun ahal izan den moduan, "San Migel elizan baino". Iurretarrak sarri jo du harmoniuma liturgiak gidatzeko. "1962. urte inguruan ezagutu nuenetik gaurdaino bost-sei bider baino ez nuen huts egingo Santixau eta Santa Ana jaietara. Ia-ia urtero jo edo entzun dut harmoniuma", azaldu du. 

Zubiaurretarrek ekarria ote?
Ez dago argi zelan ailegatu zen harmoniuma Garaira. Baina Alberdiren eta Aldekoa-Otaloraren susmoen arabera, litekeena da Valentin Zubiaurreren bitartekaritzagaz ekarri izana. "Musika tresnaren sortze urtea eta Zubiaurrek bizitako urteak bat egiten dute", dio Alberdik. 

Zalantzak gorabehera, gauza bat segurua da. Azken urteotan mutu egoniko musika tresnari  bizi berri bat eman diote. Eta aurrerantzean ere, bere soinuak data seinalatuetan herriko elizak bete ditzan, udalak udaletxean gordeko du harmoniuma. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!